Altsasuko festak 2019

Festetako bizikleta probaren antolatzaileek piztuko dute festen hasierako etxajua

Guaixe 2019ko ira. 9a, 13:14
Txirrindularitza probako tropela Altsasutik hainbatetan pasatuko da aurten ere.

Aurten 90 urte betetzen ditu probak eta kirol proba urteetan antolatu dutenei egindako lana aitortuko diete.

Ostiralean, 12:00etan, hasiko dira Altsasuko festak. Udaletxeko balkoitik botatako etxajuak iragarriko du festak hasi direla. Hura pizteaz arduratuko da 90 urtez Altsasuko festetan txirrindula proba antolatu dutenen ordezkaritza bat. Udalean idatzi gabeko arau baten arabera talde handienetik txikienera txandakatzen dira legegintzaldian zehar festen hasierako etxajua nori eman erabakitzeko. Geroa Baik erabaki du txirrindula probaren antolatzaileei ematea, “90 urtez proba mitikoaren antolakuntzan eskuzabal lan egin dutelako”. 

Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “Altsasuko proba estatuko txirrindula lasterketa beteranoetako bat da. Eta horrek, dudarik gabe, Altsasuko Udalaren aitortza merezi du, 90 urteetan lasterketa antolatu dutenei omenaldia eginez; txirrindula lasterketa festa programako ezinbesteko proba bihurtu baita”.