90. Altsasu Txirrindularitza Proba aurkeztu zuten astelehenean Iruñean

Guaixe 2019ko ira. 10a, 14:42

Estatuko proba zaharrenetakoa dena igandean ospatuko da, goizeko 10:00etatik aurrera, eta afizionatuen mailako Euskaldun Torneoa erabakiko du. Asteleheneko aurkezpenean Altsasu Kirol Elkarteko ordezkariak, Nafarroako eta Euskadiko Txirrindularitzako federazioetako kideak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren zuzendaria, Altsasuko alkatea eta Miguel Indurain izan ziren 

“Sarritan ez diegu gauzei duten balioa ematen. Txirrindularitza proba bat 90 ediziotan antolatzea handia da. Beste edozein tokitan halako izena eta tradizioa duen afizionatuen mailako lasterketa bere herrian izateagatik borrokatuko ziren, eta gu ia konturatu gabe iritsi gara hona. Baina festetan jokatzen den Altsasu Txirrindularitza Probak aurten 90 edizio beteko dituela ederki ospatuko dugu” azaldu zigun Sociedad Deportiva Alsasua edo Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza ataleko arduradun Felix Mazkiaranek, duela 5 urtetik hona afizionatuen mailako tropelean horren esanguratsua den lasterketaren antolakuntzan buru belarri murgildua dagoen altsasuarrak. Altsasu Kirol Elkartekoek igandean jokatuko den 90. Altsasu Txirrindularitza Probaren aurkezpena egin zuten astelehenean Iruñeko Kirolaren Etxean; gaur, ostiralean Altsasuko festen hasierako etxafigua edo suziria jaurtitzeko ohorea izanen dute; eta igandean lasterketa antolatzeko lanetan murgilduta dabiltza buru-belarri. 

Estatuko 2. proba beteranoena
Espainiako Vuelta baino beteranoagoa da Altsasukoa, Espainiar estatuko bigarren proba beteranoena, Irunen San Pedrotan jokatzen denaren atzetik. Espainiako Vueltako lehen edizioa 1935. urtean jokatu zen, baina ordutik hona lau aldiz eten zen Vuelta, 1937tik 1940ra, Gerrate Zibilarengatik, 1943tik 1944ra, Munduko Bigarren Gerrateagatik, 1949an, eta 1951tik 1954ra, babesletza faltagatik. Igandean Madrilen bukatuko den Vuelta 74. edizioa izango da. Aldiz, eta bahiz eta Altsasun 1923an txirrindularitza lasterketen inguruko datuak eta argazkiak egon, 1925ean antolatu zen lehendabiziko “Altsasuko Txirrindularitza Proba”, izen horrekin. Gerrate Zibilean eta zenbait data konkretutan izan ezik, urtero ospatu da. “Irungo lasterketakoek diote eurenak 100 proba egin dituela, baina ez dakigu 100 edizio diren edo proba hasi zenetik 100 urte pasa diren. Eta hori ez da gauza bera. Eurek ere Gerrate Zibilean ezin izango zuten lasterketarik egin, guk bezala. Guk gurea Espainiako Estatuko 2. proba beteranoa dela esaten dugu eta kitto” azaldu zuen Altsasuko proba antolatzen 40 urte inguru daramatzan Miguel Angel Montesinosek. 
 
Astelehenean Nafarroako Kirolaren Etxean aurkeztu zuten 90. Altsasu Txirrindularitza Proba. Ekitaldian probaren antolatzaile Altsasu Kirol Elkarteko ordezkaritza zabala egon zen –Jone Fresneda presidentea, Felix Mazkiaran txirrindularitza ataleko burua eta Eugenia Rosa eta Miguel Angel Montesinos kideak, besteak beste–, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren zuzendari Miguel Pozueta, Altsasuko alkate Javier Ollo eta Miguel Indurain txirrindulari ohi handia.

Txirrindulari handiak
Urte hauetan guztietan puntako txirrindulariek hartu dute parte profesional mailara salto egiteko lasterketa aproposa izan den Altsasuko honetan. Hasierako urteetan Ignacio Orbaizeta, Juan Jose Eizagirre, Santiago Gorriz, Lazariko, Jesus Loroño, Jacinto eta Jose Urrestarazu, Martin Jose Zelaia, eta beranduago Txomin Perurena, Marino Lejarreta, Carlos Zelaia, Santi Crespo, Xabier Zandio, Miguel Angel Perdiguero, Paco Mancebo, Txente Garcia edo Alejandro Valverde bera bertan aritu izan dira, baita Miguel Indurain handia ere, nahiz eta berak oso ongi ez gogoratu, apenas urte bat egin baitzuen afizionatuetan. “Proba gogorraren fama zuen Altsasukoak, denboraldi bukaeran jokatzen zelako” gogoratu zuen aurkezpenean Indurainek. Miguel Indurain Altsasun aritu izan zen, baina Pruden Indurain bere anaia izan zen 1990. urtean Altsasuko proba irabazi zuena. Alejandro Valverde (1999), Pablo Urtasun urdiaindarra (2001) eta Mikel Nieve (2007) daude ere irabazleen artean. 

10 aldiz Altsasutik eta 5 Altamiratik
Afizionatuen mailako 90. Altsasu Txirrindularitza Proba (121,6 km) igandean goizeko 10:00etan abiatuko da Altsasu Kirol Elkartearen paretik. Lasterketa festan txertatzeko helburuarekin duela 3 urtetatik egindako aldaketei jarraiki, aurten ere proba 10 aldiz pasako da herritik eta txirrindulariek 5 aldiz gainditu beharko dute Altamira portua, Altsasutik igo eta Olaztitik jaitsiz. Horretaz gain, hiru aldiz Urdiaindik San Pedroko bidea hartuko du probak Altsasura heltzeko, eta Altsasutik San Pedroko bidera aldi batez joango da, Urdiainera heltzeko. 

90. urteurrena denez, proba Altsasuko Udalaren parean despedituko da, ordu bata inguruan. “Urdiaindik etorriko dira, Beheko Bentatik, eta zuzenean egingo dute gora, udaletxeraino. Sprint ikusgarria gerta daiteke” azaldu du Felix Mazkiaranek. Izan ere, Altsasuko proba gehienetan esprintean erabakitzen da, eta askotan zailtasunak izaten dira irabazlea erabakitzeko. “Iaz photo finisha egin behar izan genuen, konplikatua izan zen” gaineratu zuen Mazkiaranek. Proba oso azkarra da Altsasukoa. “Ibilbidea aldatu zenetik azkarragoa da proba, eta tentsio gehiago dago. Erasoak daude, eta posizioa galdu nahi ez dutenek aurrean egon behar dute beti. San Pedro parean errepidea estutu egiten da eta tropela luzatzen da, aurrean egoteko oso azkar joan behar da. Horregatik oso gogorra egiten da. Eta aipatzekoa da Kuarteleko igoeran aldapa pare bat oso gogorrak direla, %27koak. Txirrindulariek adi egon behar dute uneoro” gaineratu zuen Mazkiaranek. 

Aurreko urteetan bezala, lasterketa Euskaldun Torneorako puntuagarria den azken proba izanen da eta torneo prestigiotsua erabakiko du. Telco´m taldeko Victor Etxeberria da liderra, baina oraindik torneoa zabalik dago. Eta aurten urteurren berezia denez, Euskaldun Torneoan lehiatzen diren afizionatuetako inguruetako talde onenez gain, CM BENROS talde kolonbiarrak, Kantabriako GOMUR taldeak, Madrilgo Estevez Chozas taldeak eta Errioxako talde batek hartuko dute parte. Hortaz, ikusmina handia da. 

Kategoria txikikoak larunbata goizean

Kategoria txikikoek lasterketa izanen dute Altsasuko festetan. Larunbatean izanen da, goizeko 10:30etik aurrera. Iortia plaza txikian ginkana probak jokatuko dira eta sari ematea izanen da eta inguruetan txirrindularitza lasterketak jokatuko dira.

Altsasu Txirrindularitza Probaren ibilbidearen datu batzuk (Iturria: Altsasu Kirol Elkartea)
-1923 urtetik Altsasun txirrindularitza proben datuak daude, baina 1925ean ospatu zen lehenengo Altsasu Txirrindularitza Proba, izen horrekin. 1927an Altsasuko Udalak lasterketa herriko festen egutegian ospakizun garrantzitsu moduan ospatzea erabaki zuen. Ordutik gaur egunera arte horrela ospatu izan da, Gerrate Zibilean eta zenbait urte zehatzetan izan ezik. 

-Hasieran Altsasuko Udalak babesten zuen proba eta herriko txirrindula zaleengana jotzen zuen antolaketa lanetarako. Zaletu hauek 1925etik hasita lehendabiziko hamarkadan, Bar Deportivo Olimpya izenekoan biltzen ziren proba antolatzera. 

-1940 urtetik aurrera Bar Gabino izan zen proba antolatzeko gunea, bi hamarkada ingurutan. Paco Sayas, Rufino Larrea, Santiago Gorriz, Pedrito Zornoza… ziren antolatzaile nagusiak. 

-1960tik aurrera Ciclos Letona bizikleta tailerra izan zen antolatzaileen bilgune. Julian eta Esteban Letona anaiak eta hainbat zaletuk probaren antolakuntzaren ardura hartu zuten. 

-1968ko otsailaren 5ean Sociedad Deportiva Alsasua edo Altsasu Kirol Elkartea sortu zen –50 urte ditu elkarteak–, eta elkarteak Altsasu Txirrindularitza Probaren antolakuntza lanak hartu zituen bere gain, Eliseo Gorospe, Jesus Pereda eta hainbat bazkideren ardurapean. 

-Txirrindularitza probaren antolakuntzan Angel Diaz San Emeterio, Luis Lopez Zornoza eta Miguel Angel Montesinos Zornoza sartu ziren eta probari bultzada handia eman zioten. Lasterketa Euskaldun Torneoan sartu zuten eta gaur egun aipatu torneoko azken proba puntuagarria da Altsasukoa eta bertan erabakitzen da torneoko behin betiko txapelduna. 

-Udalek zituzten arazo ekonomikoak zirela medio eta proba antolatzeko geroz eta diru publiko gutxiago zegoenez, Altsasu Kirol Elkarteak Altsasu Txirrindularitza Probaren antolakuntzaz gain babesletzaren ardura hartu zuen eta lasterketaren aurrekontu osoa hartu zuen bere gain. 

-Txirrindulariei helmugan egiten zitzaien ordainketa. Batzuetan udalaren dirua ez zen sarietarako eta dietetarako garaiz heltzen, eta urte batean Udalak ez zuen laguntzarik eman. Urte horretan Altsasu Kirol Elkarteak hartu zuen proba ordaintzearen ardura. 

-2004ko edizioa berezia izan zen. Probak Diamantezko Ezteiak ospatu zituen, 75 urte, eta Altsasu Kirol Elkarteak liburuxka bat argitaratu zuen Jesus Mari Gurpegui juntako kidearen lanari esker eta Caja Navarraren babesletzari esker. 

-2010eko edizioa ez zen ospatu, herriko kirol klub guztiek Altsasuko Udalari egindako presio-neurri moduan. Urte horretan kirol klub eta entitateen ekintza eta ekitaldiak ez ziren burutu, Altsasuko Udalak kirolari diru-laguntzak kentzeko izandako jarrera salatzeko. 

-1975era arte Guardia Civilak ez zuen proban kolaboraziorik. Bitxikeria moduan, 1968 urtean Altsasuko proban parte hartzera zetorren txirrindulari bati 50 euroko isuna jarri zioten, bizikletan tinbrea ez izateagatik. 

-Trafikoko Guardia Civila Altsasura iritsi eta gero, lasterketan boluntarioki parte hartzen hasi ziren hasieran eta gero ofizialki. Beranduago Foruzaingoak hartu zuen lasterketako segurtasunaren ardura.