Altsasuko festak 2019

Sexu-erasorik gabeko festen alde

Guaixe 2019ko ira. 12a, 15:34

Altsasuko mugimendu feministak gida argitaratu du helburu hori lortzeko oharrak eta aholkuak emanez.

Festak pertsona guztien gozamenerako direla kontuan izanik, hori posible egiteko Altsasuko mugimendu feministak gida argitaratu du. Horretan gaztigatu du festetan denak ez duela balio. Festetan ere ezetza ezetz dela azpimarratu du. Mugimendu feministak argi utzi nahi izan duenez, “drogen kontsumoak eta neurrigabekeriek ez dute erasoak justifikatzen”. Aldi berean, sexu-erasoen aurrean “jarrera aktiboa izatea” eskatu dute. 

Gidak emakumeen kontrako indarkeria zer den honela azaltzen du: “harreman hierarkikoetan oinarritzen den indarkeria da. Gizona emakumezkoaren gainetik ezartzen duen botere harremanetan, emakumezkoak menpekotasun egoera batean jartzea helburu dutenak”. Gaineratu dutenez, “egiturazko izaera duen indarkeria da. Mundu osoko emakumezkoek jasaten dute euren eguneroko bizitzaren esparru guztietan”. 

Altsasuko mugimendu feministak gaztigatu duenez, indarkeria fisikoa, psikologikoa, afektiboa, sexuala edo ekonomikoa izan daiteke. Eta forma desberdinak har ditzakeela gaineratu dute: irainak, ustezko hitz politak, mespretxua, zapalkuntza, jeloskor izatea, emozio-xantaia, zirriak, sexu-jazarpena, kolpeak, bortxaketak, hilketak… Mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, “emakumezkoa izatez ez da beldurtia, indarkeria horrekin emakumezkoon beldurra eraikitzen da. Aurre egiteko mekanismo zein tresnak ez zaizkigulako irakasten”. 

Arrastoak 
Altsasuko mugimendu feministatik gaztigatu dutenez, “xantaia eta jeloskortasuna ez dira maitasunaren adierazleak, baizik eta kontrol eta jabego grina. Ez zaitez liluratzen utzi”. Horregatik, sexu-indarkeria eta egoerak antzematen laguntzeko kasuen adibideak eman dituzte: zure bikotekideak zure denbora, sakelako telefonoa, janzkera, lagunak… kontrolatzen dituenean, noizbait zelatatu edo jarraitu bazaitu eta ezleiala izatea leporatzean; bikotekideak zurekin irizpiderik ez bazenu bezala jokatzen badu, zure iritziak gutxiesten baditu, zure lagunekin ateratzea mahi ez badu, zure bizitzan inor gehiago egotea nahi ez badu; zuk nahi ez duzunean sexu harremanak izatera edo kondoirik gabe izatera behartzen bazaitu edota ezezagunek tabernetan ipurdia ukitzen badizute, neketsuak badira eta agobiatzen bazaituzte, nahiz eta zuk bakean uzteko esan diezun. 

Horren guztiaren aurrean “sexu-indarkeria borrokatzeko” deia egin du Altsasuko mugimendu feministak. Horretarako, proposamenak ere egin dituzte: zure bizitzaren jabe izan; zure bizitza ez mugatu eta gustuko ez duzunari mugak jarri; nahi duzunarekin eta nahi duzunean, sexualitatea modu askean bizi; emakumezkoak, zure irizpideetan sinetsi: erasotua sentitu bazara eraso bat da; desberdintasunarekin bukatu, berdintasunean oinarritutako harremanak sortu; eraotzaileei erantzu, geldiarazi itzazu, fisikoki zein mentalki; zure bizitzaren arauak zuk jarri, izan zaitez zuk nahi duzuna, ez egin kasu gizona eta emakumea izan behar luketenaren ereduei eta aniztasuna, desberdintasuna eta sexu-orientazio desberdintasuna ulertuz, pertsona guztiekin harreman osasuntsuak sortu. 

Zer egin eraso bat ikusiz gero?
Altsasuko mugimendu feministak lau aholku zabaldu ditu. Batetik, emakumezko bat eraso egoera batean dagoela uste baduzu, berarengana joan, ongi dagoen galdetu eta laguntzarik behar duen galdetu. Bestetik, “erasotzaileari jakinarazi egoera gaitzesten duzula, ez zaizula dibertigarria ezta normala iruditzen emakumezkoak erasotzea”. Aldi berean, “zure laguna bere bikoteak jipoitzen badu, hori ez dela normala jakinarazi, bakarrik ez dagoela esan eta informazioa edo laguntza eskatzera lagundu ezazu”. Azkenik, “erasorik ez onartu, aurre egin eta gogoratu horrelako egoeren aurrean salaketa soziala egin dezakezu”. 

Emakumezkoak jipoien edo sexu-erasoen aurrean zer egin ere aholkatu dute Altsasuko mugimendu feministatik. Batetik, “momentuz, salaketarik jarri nahi ez baduzu ere, oroitu gorputza garbitzen baduzu epaiketa batean lagungarri izan daitezkeen frogak galduko direla”. Bestetik, “konfiantzazko norbaiti hots egin, lagunak edo familia, lagundu zaitzaten”. Hurrengo pausoa 112 larrialdi telefonora hots egitea izan daiteke, “baina beti kontutan izan ospitalera, larrialdi zerbitzu edo anbulantzia batera joatekotan ofiziozko salaketa jarriko dutela”. Azkenik, “nahi duzunean emakumeen taldeetara jo ezazu. Gai horretan adituak diren pertsonetan laguntza bilatu. Ez zaude bakarrik!”

Telefono eta baliabide baliagarriak
Larrialdiak: 112. 
Salaketa soziala egiteko telefonoa: 611 227 043 (festetan 24 orduz). 
Sexu erasoak salatzeko e-posta: altsasun.erasorikez@gmail.com 
Altsasuko Emakumeen Bilgunea (festetatik aurrera): 948 564 823 edo berdintasuna@altsasu.net 
Nafarroako Emakumeen Arretarako Lege-Zerbitzua (doakoa, 24 orduz): 112 telefonora hots eginez.