Altsasuko festak 2019

Udala "sexu-erasorik gabeko festen alde"

Guaixe 2019ko ira. 12a, 10:47

Joan den urtean onartu eta mugimendu feministarekin batera egindako ‘Festa eremuetan eraso sexisten kontra jarduteko protokoloa’ martxan jarriko du. 

Altsasuko Udalak “jendarte eta gizarte eragileekin batera emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitza eta festak lortzeko asmoz” lanean ari da. Eta festei begira adierazpena onartu zuen agorrilaren 28ko bilkuran. Han jaso denez, “eraso sexistak indarkeria matxistaren adierazpena dira, gure gizartean, baita gure herrian ere, dagoen genero desberdintasunaren adierazgarri”. Altsasuko Udalaren iritziz “indarkeria hori ezabatu eta berdintasuna lortzeko egunero eta modo iraunkorrean lan egitea beharrezkoa da”. 

Festak direla eta deia egin die udalak altsasuarrei eta eragile guztiei:  “guztiok festaz eta kaleaz gozatzeko konpromisoa har dezagun; beldurrik gabe, komentario matxistarik gabe, libre sentitzeko, eta baietz edo ezetz esaten dugunean, errespetatuak izateko”. Deialdia egin diete gizon altsasuarrei “ez daitezen eraso horien konplize izan; aktiboak izan daitezen, erasotzaileak baztertuz, baita hurbilekoak badira ere”. Azkenik, nabarmendu du larrialdi kasuan 112 telefonora hots egin daitekeela. Salaketa soziala egin nahi izanez gero mugimendu feministaren 611 227 043 telefonora hots egin daitekeela gogorarazi du.