Altsasuko festak 2019

“Oso pozik gaude txupinazoarekin Altsasuko Txirrindula Probari aitortza egin zaiolako”

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 13a, 10:04

Felix Mazkiaran, Miguel Angel Montesinos eta Eliseo Gorospe Altsasu Txirrindularitza Probako antolatzaileek jaurtikiko dute gaur Altsasuko festen txupinazoa

Altsasuko Txirrindularitza Probaren egungo arduradun Felix Mazkiaranek adierazi zigunez, Javier Ollo alkateak eman zien Altsasuko festetan suziria pizteko gonbitaren berri. “Alkateak deitu ninduen udaletxetik pasatzeko eskatzeko, Zumalakarregi plazako obrak direla eta, txirrindularitza taldeen autoak aparkatzeko tokia zehazteko. Berarengana joan eta orduan aipatu zidan Geroa Bai taldeari zegokiola Altsasuko festen hasierako suziria piztea, baina ohore hori Altsasuko Txirrindularitza Probako antolakuntzari utziko ziotela, lasterketaren 90. edizioari aitortza egiteko. Halaber, suziria pizterakoan urte luze hauetan antolakuntzan aritu diren hiru belaunaldiren ordezkariak egotea nahi zuten, proba martxan jarri zutenak, proba mantendu dutenak eta egungo antolatzaileak” azaldu zigun Felix Mazkiaranek. 

Felix Mazkiaran: “Ilusio handia”
Altsasuarrak gaineratu zuenez, hasierako sortzaileengana heltzea ia ezinezkoa da, 1925 urte haietako inor ez baitago bizirik; atzera egiten, Eliseo Gorospe zen beteranoetakoa. Pixkat beranduago Miguel Angel Montesinosek hartu zuen probaren ardura, beste hainbatekin, eta duela 5 urtetik hona Felix Mazkiaran da arduraduna, Montesinos beraren eta hainbat boluntarioren laguntzarekin. Eta aipatu hirurak izanen dira gaur, ostiralean Altsasuko udaletxera jaietako suziria piztera igoko direnak. 

“Sorpresaz eta ilusioz hartu genuen suziria piztearena. Batez ere, probari errekonozimendua egiten zaiolako. Txirrindularitza proba batek 90 edizio betetzea handia da. Eta hura antolatzeko egiten den esfortzuari aitortza egiteak pozten gaitu. Ez duzu horretarako egiten, baina errekonozimenduak ilusioa eta indarra ematen dizu gauzak antolatzen jarraitzeko. Egindakoa baloratzen dela, finean. Aurtengoa probaren data borobila da, eta 90. edizioari ginda jartzen dio suziriaren jaurtiketak. Txupinazoa proba antolatzen laguntzen duten 100 boluntarioendako da. Pertsonalki ere ilusio handia sortu zidan. Altsasuarra naiz eta suziria piztea handia da” aipatu zigun Felix Mazkiaranek. 

Iritzi berekoak dira Miguel Angel Montesinos eta Eliseo Gorospe. Azken honek 83 urte ditu, alarguna da, eta Aita Barandiaran egoitzan dago duela 16 hilabete inguru. Hirurekin elkartu ginen ginen asteartean zaharren egoitzan.  

Eliseo Gorospe: “Txirrindulan milaka kilometro egina naiz”
Eliseo Gorospe Aramendik aipatu zuenez Altsasun bizikletarekiko zaletasun “handia” egon da betidanik. Bere lehen bizikleta heldua zela erosi omen zuen. “Nire aita 11 urtez egon zen espetxean; Gerrate Zibilean hartu zuten preso. Gogoratzen naiz amarekin Burgoseko kartzelara joaten ginela hura ikustera. Etxean dirurik ez eta amak patata kilo batzuk hartu eta saltzera joaten zen. Debekatua zegoenez, estraperloa ote, ama ere preso sartu zuten 3 urtez. Orduan ez zegoen bizikletarik gurean” azaldu zigun. Txirrindularitza bere kirol gustukoena izan da betidanik. “Cementosen lan egin nuen hasieran, eta gero Ormaiztegiko lantegi batera joan nintzen. Han jubilatu nintzen. Margolaria nintzen. Eta askotan joan izan naiz Ormaiztegira bizikletan lanean. Ordutxo pasa kosta egiten zitzaidan” aitortu zigun. 

Altsasuko Txirrindularitza Proba antolatzen urte mordoa eman zuen. “Altsasuko Kirol Elkartean geunden. Beranduago Luis Lopez Zornoza, Esteban eta Julian Letona, Angel Diaz San Emeterio,  Miguel Angel Montesinos… sartu ziren. Txiki txikitatik gogoratzen dut lasterketa hau. Helmuga batzuetan San Juanen zegoen, beste batzuetan Larrea parean, udaletxe parean baita ere… Loroño, Soler, Luis Otaño eta halakoak ibiltzen ziren orduan, baina Miguel Indurain izan da nire idoloa” gaineratu zuen. 

Pozik dago ostiralean suziria piztera joango delako. Bere semeak eta senitartekoak izango ditu alboan. Horretaz gain, Aita Barandiaran egoitzan egingo duten pintura erakusketarako bere koadroari azken xehetasunak prestatzen dabil buru-belarri. 

Miguel Angel Montesinos: “Altsasukoa proba oso garrantzitsua zen hasieratik”
Miguel Angel Montesinosek 73 urte bete zituen asteartean bertan. Aipatu zigunez, 40 urte inguru daramatza proba antolatzeko lanetan. “Hasieran Luis Lopez Zornoza lehengusuak zuen ardura eta gero nik hartu nuen, baina duela 5 urte Felix Mazkiaranek hartu zuen batuta. Lasterketari aire berria eman dio, ibilbidea aldatu zuen herritik gehiagotan pasatzeko eta guztiz asmatu zuen, goiz guztian zehar jendea lasterketari adi-adi dagoelako. Lehen Lizarragaraino joaten zen, gero buelta eta Altamiraraino… gutxitan ikusten genituen pasatzen” zioen Montesinosek. 

Altsasuko proba betidanik “oso garrantzitsua” izan dela gaineratu zuen. “Federazioak sortu zirenean, hasieratik Euskaldun Torneoan sartu zuten, lasterketak prestigioa zuelako. 23 urtez azpiko eta eliteen mailako proba izan zen ordutik. Atarrabian afizionatuen lasterketa antolatzen zenean hura zen Euskaldun Torneoko azken proba puntuagarria, baina hura antolatzez utzi zutenetik Altsasukoa da torneoa erabakitzen duena, eta horrek plus bat ematen dio gure lasterketari” azaldu zigun. 

Altsasuko Txirrindularitza Proba antolatzeaz gain, txirrindularitza martxa oso bereziak antolatu zituen Altsasu Kirol Elkarteak bere garaian, Altsasun hasi eta Bartzelonara bitartekoak. “Altsasu-Bartzelona maratoia esaten genion, martxa klasikoak ziren. Aitzindariak izan ginen. Hiru Altsasu-Bartzelona martxa antolatu genituen, eta gero, beste elkarte batzuekin elkarlanean, Irun-Bartzelona eta Bilbo-Bartzelona martxak egin genituen” gogoratu du Montesinosek. Altsasu-Bartzelona martxa horietako baten argazki bat erakutsi zigun Eliseo Gorospek. “Martxa hauetan parte hartu nuen. Ostiralean Altsasutik ateratzen ginen bizikletan, 17:00etan, eta Bartzelonara hurrengo egunean 14:00ak aldera iristen ginen, bidea jarraian egiten baikenuen, atsedenik hartu gabe. Emaztea eta lagunak autoz joaten ziren Bartzelonara eta gero haiekin itzultzen ginen” egin zuen atzera Eliseok. 

Montesinosek probaren antolaketan laguntzen jarraitzen duela aipatu zuen Mazkiaranek. “Bereziki lan burokratikoetan aritzen da. Proba antolatzeko baimena ugari eskatu behar dira udaletxean, Foruzaingoan… eta horiek Miguel Angelen ardura dira. Administrazioan eta taldeetan ere kontaktu asko ditu eta papera kontuetan lan handia egiten du”. 

Mazkiaranen esanetan buruhauste gehiena zirkuitua istea eta lasterketa eguenerako beharrezkoak diren 100 boluntarioak lotzea da. “Festak dira eta horrek zaildu egiten du. Gurutzeak egiteko jende asko behar da, baita banderinak eramateko, epaileak eramateko auto-gidariak, megafonia-autoa, erratz-autoa, bi anbulantzia medikalizatu… guztia lotu behar da” aitortu zigun. Boluntarioez gain, proba antolatu ahal izateko Altsasuko komertzio, taberna eta entitateek emandako laguntza ere ezinbestekoa da, eta urte luze hauetan emandako laguntzagatik eskerrik onenak eman nahi dizkie babesle guztiei Altsasu Kirol Elkarteak.