Altsasuko festak 2019

"Altsasurekin zerikusia duten erraldoiak izatea da ideia"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 13a, 10:08
Gaur egun dauden erraldoiak eta taldea. Peio Palacios eskuinetik bigarrena.

Altsasuko festetako egun handian, irailaren 14an, bihar, bi erraldoi berri mustuko dituzte. Garai desberdinetan erraldoiekin aritutakoak omenduko dituzte ere

Peio Palacios duela ia hogei urte egon zen taldean, eta gaur egungo taldea 2011n sortu zen. Jesus Guzmanek taldearen izenean hitz egin du.

1. Nola hasi zineten erraldoiak eramaten?
Peio. Betidanik gustatu izan zait eta lagun batekin sartu nintzen 1984an. 2001 urtera arte egon nintzen, gorputzak iraun zuen arte. Gainera, ez da berdina 20 urterekin eramatea edo 30 urte baino gehiagorekin. Bizitzak aurrera egiten du; haurrak dituzu, familia, baita gogoak ere. Hasi ginenean ez ziren bakarrik festak, astebururo bidaiak egiten genituen: Catalunyan, Valentzian, Zamoran eta Erribera osoan egon ginen. Hortaz, iristen da momentu bat utzi behar duzuela. 
Jesus. 2002. urtean haiek utzi zutenean geldialdi bat egon zen, eta udalak kanpoko jendea kontratatzen zuen. Gero jendea kontratatzeari utzi zion eta lau edo bost urtez ez ziren erraldoirik egon. Altsasuko peñek deialdi bat egin zuten berriz ateratzeko eta hamar bat pertsonako talde bat elkartu ginen. Gaur egun arte. Txikitatik gustatu izan zaizkit. Aitak bi erraldoi txiki egin zizkidan. 

2. Zer behar da erraldoi bat eramateko?
J. Gogoak behar dira, ezer gehiago. Ez da genero edo fisiko kontu bat. Izan ere, taldean badago 1,50 metro baino pixka bat gehiago neurtzen duen jendea, baita 2 metroko jendea ere. Gu hasi ginenetik bi neska egon dira gurekin. 
P. Gu egon ginenean, garai horietan ere, 1980ko hamarkadaren bukaeran konpartsan bi emakume ateratzen hasi ziren. Joaten ginen lekuetara jendeak sorpresa handia hartzen zuen. Ez da ezer behar.

3. Dantza jakin behar da? 
J. Gu orain dantzatzen saiatzen gara. Ez da behar aurretik ezer jakitea. 2011n erraldoiak berreskuratu zirenean, peñek Iruñeko eta Burlatako konpartsako kide bat kontratatu zuten eta irakastera etorri zen. Irakatsitakoa hasieratik gaudenek besteei erakutsi diegu, eta bestela guk dantza berriak asmatu ditugu. Aurretik oinarrizko ezagutza bat bada, hobe. Baina ez da derrigorrezkoa. Taldean norbaitek ez badu bere burua dantzen ikusten, bakarrik kalejira egiten du eta ongietorria da ere. Azken finean, erraldoia eramatea da kontua. Autodidaktak gara. 
P. Gu saiatzen ginen, zerbait egiten genuen. 

4. Zenbat pisatzen dute Altsasuko erraldoiek?
J. Sorginak gutxien pisatzen, ez da 40 kiloetara iristen. Gehien pisatzen duena Momotxorroa da, 50 kilo pasa pisatzen du. Beste biak ere pisu horretan ibiliko dira. Berriek 45 eta 42 kilo pisatzen dute. Bataz besteko nahiko txikia da. Iruñerrian bataz besteko 45 kilotakoa da. Apaingarrien araberakoa da. Hemengo arazoa ez da asko pisatzen dutela, gaizki kontrapisatuak daudela da; gaizki egindak daudela. 
P. Oso gaizki orekatuak daude; Momotxorroa, esaterako, goiko pisu guztia naturala da, eta azkenean gehiago pisatzen du. 

5. Zenbat pertsona behar dira erraldoiak ateratzeko?
J. Gaur egun 10 eta 12 bitartean gaude. Baina normalean ez gara denak egoten. Bihar, irailaren 14, seguruenik denak egongo gara, baina txupinazoan ezinezkoa izango da. Duela lau urte esan genuen erraldoi bakoitzarendako gutxienez bi pertsona ez bazeuden, ez ginela aterako. Lau pertsona lau erraldoiekin ateratzera iritsi gara, baina fisikoki oso zaila da. Beraz, iritsi zen momentu bat non esan genuen gutxienez bi pertsona ez badaude, ez ginela aterako. Bat barruan doa eta bestea kanpoan, sor daitezkeen arazo guztiak kontrolatzeko: espaloiak, trafikoa, haurren bat, barrukoari zerbait gertatzen zaiola... Duela lau urte geldialdia egin genuen, urte batez ez ginen atera. Gelditu ginen nahi genuelako jendea konturatzea pertsona gehiago behar zirela. Hoberena erraldoi bakoitzarendako hiru pertsona dira. Hirurekin irteera luzeagoa egin daiteke, fisikoki eramangarriena da. Baina gutxienez bi.
P. Gu 18 edo 20 pertsona izatera iritsi ginen. Hasieran lau erraldoi ziren, eta gero beste bi etorri ziren. Normalean ez genituen seiak ateratzen. Fisikoki ezinezkoa zen. Gutxienez erraldoiko bi pertsona joaten ginen. Ez da bakarrik erraldoia eramatea, inguruan dagoena kontrolatu behar da. Izan ere, barruan doana zatitxo bat baino ez du ikusten; ez ditu espaloiak ikusten, ez ditu kableak ikusten... Gaur egungo antzeko egoera geunden. Ez da aldatzen.



6. Altsasuko erraldoiak eramateko arazoak izan dira beti?
J. Sakanako taldeak edo konpartsak begiratuz, Olaztin erraldoiak ateratzeko arazoak daude, Altsasun aurreko taldeak utzi zuenetik gu sartu ginen arte geldituta zegoen. Iruñerrian kontrako egoera dago; jende gehiegi dago eta konpartsetan sartzeko itxaron zerrendak daude. Orain gauden taldea ateratzeko arazoak ez ditugu. Hasieratik oso argi izan dugu Altsasun egin behar diren derrigorrezko lau irteerak egingo ditugula: Festetan bi egun, feriak eta Alde Zaharrako festak. Kanpotik deitu digutenean beti ezetz esan dugu, ez dugulako ulertzen Donostiatik, Iruñetik edo Kataluniatik joatea eta Altsasuko hurrengo irteeran ateratzeko jendea ez egotea. Orduan, Altsasuko oso egonkortuta dagoenean eta aukerak ditugunean, kanpokoa etorriko da. Pixkanaka. 
P. Oso sakrifikatua da. Orain lau aldiz ateratzen dituzte, baina gu astebururo irteera bat geneukan. Uda iristen zenean larunbatero irteera bat geneukan, eta batzuetan goizez leku batera joan behar ginen eta arratsaldez beste batera.

7. Egonkortasuna izatea lortu duzue.
J. Egonkortasuna badugu, jendeak badaki Altsasun ziur aterako garela. Nafarroa Oinezen atera ginen, Sortzen festan egon ginen, ikastetxeek bideo bat egiteko deitzen badigute parte hartzen dugu... Baina hemen mugitzen gara. Ez gaude gaizki. Baina aurrera egiteko jende gehiago behar dugu. 
P. Jendea badago edozer gauza egin daiteke. Guk oso garai ona bizi izan genuen. 

8. Erraldoi bikote bat mustuko duzue bihar. Seiak aterako dituzue?
J. Lehenengoak 1940ko hamarkadakoak dira. Erraldoiak existitzen dira; ez dena existitzen estruktura da. Hondatu ziren eta ez zituzten berriz konpondu. Kanpotik ongi daudela dirudien arren, barrutik, gehien bat 1940ko hamarkadakoak, oso hondatuta daude. Baita 1990ko hamarkadakoak ere. Denak nahiko gaizki daude. Ideia ez da sei edo zortzi erraldoi izan, ideia da Altsasuko herriarekin erlazionatutako erraldoiak izatea. Errege-erregina bi bikoteak bere garaian historiaren bat izango zuten, baina gaur egun ez dute herri honekin inolako harremanik. Kopia bat dira, Erriberan daudenen antzekoak. Beraz, ideia lau erraldoi egotea da, eta laurak herriko festekin harremana izatea: Bikote bat herriko festa nagusietako batena, inauteriak, Momotxorroa eta Sorgina, eta beste bikotea hemengo festa berezi batena, Santa Ageda, beraz, kinto mutila eta neska dira. Beste biak desmuntatuko dira, eta udalarenak direnez, haiek erabaki beharko dute zer egin. 
P. Guk ahal genuenean seiak ateratzen genituen, baina jende asko behar zen. 

9. Momotxorro eta Sorgina erraldoien egoera, beraz, ez da hoberena. 
J. Urte asko dituzte, ia 30 urte, eta ez dute mantenu oso ona izan. Iortia kultur guneko karga eta deskargan gordetzen dira, eta kultur gunetik pasatu izan den jendeak hartu ditu, batzuei erori zaie, ez ziren desmuntatzen, ez zen mantenuan inbertitzen... Ideia da udalarekin hitz egitea. 

10. Zein da biharko plana?
J. Ostiralean gaur egungo erraldoiekin aterako gara: Momotxorro, Sorgina, Marco Antonio eta Cleopatra. Larunbatean, 11:30ean, Foru plazan, aurkezpen ekitaldi txiki bat egingo dugu. Bi erraldoi berriak eramango dira, baita Momotxorro eta Sorgina ere. Horiek izango dira hemendik aurrera aterako ditugun erraldoiak. Gainera, erraldoietan parte hartu duen jende guztia gonbidatu dugu: 1960 eta 1970 hamarkadetako jendea, 1980 eta 2000 hamarkadetako jendea eta gaur egungoa, musikariak, erraldoi egileak... Bi kinto direnez eta irailaren 14an zortzikoa dantzatzea ohitura denez, zortzikoa egongo da ere. Ekitaldi xumea da, baina erraldoiekin joan den jendea elkartu nahi dugu.  

11. Zer sentitzen da erraldoi bat eramaten? Haurrendako heroiak zarete.
P. Entsegura sartu naizenean ilea laztu zait, benetan. Ateratzen direnean ikusten ditut, hori beti eramaten duzu. Batzuetan ezin duzu, baina beti barruan dagoen zerbait da. Betidanik eramaten den zerbait da. Jesus txikitatik gurekin etortzen zen. 
J. Dantza egitean jendeak oso ongi egin nahi du, eta presioa sentitzen da. Entseguetan bezala edo hobe nahi dute egin. Ideia da ongi pasatzea eta ongi egitea. Eguraldiak lagundu behar du; bero handia egiten badu oso gogorra da, eta haizea eta euria egiten badu ere txarra da.