"Zoragarria izan da munduko onenen artean aritzea"

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 13a, 09:19

Sakana Triatloi Taldea gorenera iritsi da, igandean Sergio Garcia de Eulatek Niza 70.3 World Championship Ironmanean jokatu zuelako. Munduko onenen artean aritu zen altsasuarra, erditik gora sailkatu zen eta esperientzia bikaina izan da berarendako.

Sakana Triatloi Taldea gorenera iritsi da, igandean Sergio Garcia de Eulatek Niza 70.3 World Championship Ironmanean jokatu zuelako. Munduko onenen artean aritu zen altsasuarra, erditik gora sailkatu zen eta esperientzia bikaina izan da berarendako.

Noiz hasi zinen triatloian?
Beti ibili izan naiz bizikletan eta korrika. Duatloian hasi nintzen, eta hurrengo pausua izan zen aurreko biei igeriketa gehitzea eta triatloian hastea. 6 urte inguru daramatzat triatloian.  

Triatloia osatzen duten hiru kirol horien artean zein egiten zaizu konplikatuena?
Igeriketa. Sakanan beti esaten dugu "lehorrekoak" garela eta horrela da, nabaritzen da. Igeriketan ez naiz ongi aritzen, hiru kiroletatik maila baxuena dut.Baina hobetzeko eta gainditzeko gauza bat bezala hartzen dut. 

Inguruko triatloi probetan afizionatu bezala aritzea gauza bat da, baina zuk saltoa eman zenuen, Espainiako Triatloi Kopan aritzera pasa zinelako. 
Bai, badakizu nola den hau. Lasterketa batera joaten hasten zara, gero bestera, lagunak egiten dituzu, animatzen zoaz, gutxika pixka bat gehiago… Kirola serioago hartzen hasi nintzen eta ordu gehiago sartzen. 

Egunero entrenatzen duzu? 
Niri gehiena lehiatzea gustatzen zait, eta horretarako astean sei egunez aritu behar duzu eta bat libre utzi, errekuperatzeko. Normalean kirol bat lantzen dugu egun bakoitzean, baina astean bi egunetan konbinatu egiten ditut; egun batean korrika eta igeri egin, eta asteburuan, denbora gehiagorekin, bizikleta bizpahiru ordu hartu eta jarraian korrika egin...

Kirol batetik besterako trantsizioak entrenatzeko, ezta?
Bai, hori da. Trantsizio edo aldaketa horiek egiteko entrenatu behar da, muskuluak eta gorputza kirol batetik bestera asko aldatzen delako. 

Espainiako Kopan bi urtez aritu izan zara, eta zure kategorian txapelduna izan zinen. 
Bai, iaz eta duela bi urte lehiatu nintzen. Aurten ez dut parte hartu, Mundialetarako klasifikatzeko Europa mailako proba batean aritu beharra nuelako. Hortaz, ez nuen tartea Espainiako Kopan aritzeko. Nire mailan, 35 eta 39 adin tartean, duela bi urte Espainiako Kopa irabazi nuen eta iaz txapeldunordea izan nintzen. 

Iroman 70.3 Greece proban lehiatu zinen apirilaren 14an. Europa mailako txapelketa horretan 1.400 triatleten artean 19.a sailkatu zinen maila absolutuan eta zure mailan seigarrena izan zinen. Emaitza ikusgarria da...
Ironmanean 2 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrikan egin behar genituen. Kasualitatez nahiko ongi igeri egin nuen, niretzat arraroa dena. Hori aprobetxatu behar nuen, eta ondoren bizikletan oso ongi ibili nintzen eta korrikan ongi. Arerioak ez ziren horren fin ibili (kar, kar...), eta, egia esan, eguna ongi aprobetxatu nuen.

Gorputzak proba horiek aguantatu al ditzake? Ez al da gehiegitxo?
Gorputzarendako akaso ez da oso ona izango, baina hori da gustuko duguna. Dena den, distantzia horietan aritzeko oso ongi entrenatu behar duzu. Hilabeteak ematen ditugu guztia ongi prestatzen. 

Greziako postu bikain horri esker igandean Nizan jokatutako Triatloi Ironman Mundialerako sailkatu zinen. Aurreko astean esan zenuen ez zinela zure onenean joaten. 
Ni normalean irailean ez naiz lehiatzen, udan lasai egoten naiz atseden hartzen, baina aurtengo Mundiala horrela tokatu da, irailean. Entrenatu dut, baina gutxiago. Lasai aritu naiz, nekatu antzera ere banengoelako, batez ere buruz nekatuta. Eta lehiatzeko eta ongi entrenatzeko oso garrantzitsua da buruz ongi egotea. Hortaz, Mundialera ez nintzen joan horrenbeste lehiatzera, baizik eta disfrutatzera, giroa ikustera eta munduko onenak gertutik ikustera. Bi lagunekin joan nintzen; Xabier Gonzalezek mekaniko lanak egin zituen eta Tomas Guiradok masaje lanak, eta oso gustura egon ginen. Pisu batean egon ginen asteburuan lasterketa prestatzen. Izugarri lagundu naute eta errazago izan da niretzat. Oso babestua sentitu naiz, ongi pasatu dugu eta eurekin egotea handia izan da niretzat. 

Ironmanak berez gogorrak dira, baina igandean Nizan jokatutakoa are gogorragoa zela aipatu digute, txirrindularitza segmentuan portu gogorra zegoelako. 
2 km igeri, 90 km bizikletan eta 21 km korrikan ziren. Txirrindularitzan 90 kilometroetatik ia 45 aldapan gora ziren, eta tartean 10 kilometroko portua zegoen, %7ko maldarekin. Gogorra zen, lasai hartu beharrekoa, bestela gero korrika egitea oso gogorra egiten delako. Proba luzeak dira hauek eta ezin zara topera joan, esfortzua kontrolatu behar duzu. Horrela, badaukazu tarte pixka bat ere paisaiaz gozatzeko, itsasoa eta mendia eta giroa ikusteko. Karreraz disfrutatzeko.

Nola ibili zinen?
Nire mailan 520 triatleten artean 304.a sailkatu nintzen eta maila absolutuan edo orokorrean 3.300 triatleta geunden eta 1.300 postu inguruan sailkatu nintzen. Puntako proba zen, guztiak triatleta bikainak ziren, aurretik sailkatutakoak; beste maila bat da hori, maila oso altua. Eta hemen ez dago sekreturik: ongi entrenatuta bazoaz, hobe zoaz. Udan lasaiago egon naiz eta banekien ez nengoela momenturik onenean. Horrela, txipa aldatu nuen eta disfrutatzera joan nintzen, giroaz gozatzera. Igual nire lehenengo eta azken Mundiala da, eta momentua disfrutatu behar duzu. Eta ni gustura nago egindakoarekin. Oso pozik nago bizitako esperientziarekin, munduko onenen artean ibili nintzelako eta joan ginen hiru lagunekin bikain pasa genuelako. 

Munduko onenak beste maila batean daude baina, oso urrun edo ez da horrenbesterako?
Bai, oso urrun daude, ia ordu batera (kar, kar...). Nik ironmana 5 ordutan egin nuen (05:06:28) eta irabazleak, Gustav Iden norbegiarrak lau ordutan (03:52:13). Emakumezkoetan Daniela Ryf gailendu zen (04:23:04). Profesionalak dira, beste maila bat dute eta munduko onenak dira. Guk gure bidaia ordaintzen dugu, gure bizikleta, materiala... eta eurak sekulako hotela zuten justu hondartza aurrean, baina horrela izan behar du, profesionalak dira, onenak, eta merezi dute. Oso polita izan zen beraiekin zirkuitu berdinean lehiatzea. Ez ditut idolo asko baina estatuan Mario Mola eta ingurukoak onenen artean daude, eta berarekin egon naiz mundial batean. Horrekin gelditzen naiz. 

Sakana Triatloi Taldeko kidea zara. Nola dago taldea?
30-35 taldekide gaude guztira, 10 txiki eta gainontzekoak helduak. Ikastaro eta taldeetan izena emateko momentua da hau, une aproposa jendeari gogorarazteko hemen gaudela, norbait gogoekin badago jakin dezala gurekin harremanetan jartzearekin nahikoa dela triatloian hasteko eta gurekin aritzeko. Facebook (Sakana Triatloi Taldea) bidez jarri daiteke gurekin harremanetan, edo gugana etortzen.

Zer ematen dizu triatloiak?
Kirola gustuko dut, eta uste dut urte guztia soilik txirrindularitzan aritzen edo soilik korrika egiten emango banu aspertuko nintzatekeela. Eta triatloia modu bikaina da hiru kiroletan aritzeko. Kirol ezberdinak egitean, gorputza hobe dago, ez dira atal berberak horrenbeste zigortzen. Eta, horretaz gain, kirol honek guztiz harrapatzen zaitu. Jendea triatloian aritzera animatuko nuke. Nik serioago hartzen dut, baina modu askotan egin daiteke, lasaiago. Ez dituzu soilik hankak lantzen, edo besoak. Oso kirol osoa da. Eta burua ere lantzen eta arintzen duzu. Niretzat hori oso garrantzitsua da, lanetik atera, bizikleta hartu eta buelta bat eman, deskonektatzeko eta ongi sentitzeko. 

Hemendik aurrera zer?
Igeri egitez utziko dut, eta bizikleta ere. 6-7 lagun Behobia-Donostiara joango gara eta elkarrekin prestatuko dugu lasterketa. Neguan korrika egitea gustuko dut. Bestalde, une honetan pentsatzen ari naiz hemendik aurrera pixkat suabeago ariko naizela. Espainiako Kopan aritu naiz, Europa mailako Greziako ironmanean, igandeko Nizako Mundialean... akaso unea da zehozer lasaitzeko. Ez triatloia uzteko, gustukoa dudalako, baina bai lasaiago hartzeko.