Altsasuko festak 2019

Sexu-erasoak salatzeko telefonoa 24 orduz

Guaixe 2019ko ira. 13a, 10:25
Mugimendu feministako eta neska* gazteen ordezkariak sexu-erasoen salaketa sozialerako telefono zenbakia aurkezten.

611 227 043 telefono zenbakia kontaktuetan gorde eta hara hots eginez salaketa soziala egiteko aukera izanen da.

Altsasuko festetan sexu-erasoen salaketa soziala egiteko telefonoa martxan izan zen joan den urtean estreinakoz. Altsasuko mugimendu feministak eta Sakanako Neska* Gazteak salaketa telefonoa 24 orduz piztuta izanen dute aurten ere. Aurtengoa zenbaki berria da, honakoa: 611 227 043. “Telefonoa kontaktuetan ongi gorde eta eraso matxistaren bat pairatu edo ikusiz gero, salaketa soziala egin beratara hots eginez”. Bestela, altsasu.erasorikez@gmail.com e-posta helbidearen bidez ere salatu daitezke sexu-erasoak. 

Sakanako neska* gazteak ere bat egin dute sexu-erasoen kontrako protokoloarekin. Gainera, festetan besoko morea eramanen dute. “Helburua da sororitatea edo ahizpatasuna sustatzea eta gure arteko sareak indartzea, matxismoaren kontrako borroka festetan egotea”. Horrekin batera, “festa eredu berri bat” aldarrikatu nahi dute. Aldi berean, “sexu-erasoen salaketa aurrez aurre jaso” nahi dute. Sakanako neska* gazteek nabarmendu dutenez, “edozein motatako erasoak salatzeko garrantzia azpimarratzen dugu”.  

Neska* gazteen deialdia 
V. Euskal Herriko Jardunaldi Feministak azaroaren 1etik 3ra izanen dira. Horren aurrerapen gisa, Egin dezagun topa! lelopean neska* gazteen topaketa izanen da Lizarran lastailaren 4an eta 5ean. Lizarrako topaketetara begira Sakanako neska* gazteak elkartu dira.