Altsasuko festak 2019

Bi bisita merezi duten sukaldariak

Guaixe 2019ko ira. 14a, 11:54
Altsasuarrak harremanetan jartzeko balio du arrozak.

Igandean, 11:00etatik aurrera , Zubeztiako karpan V. Altsasuko Munduko Arrozak ekimena izanen da. Jatorri desberdineko altsasuarren artean harremanak bulkatzea, sakontzea edo hastea du helburu.

Bosgarren urtez, Munduko Arrozak ekimena izanen da Altsasuko festetan. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek esan digunez, arrozak prestatuko dituzten sukaldari altsasuarrak lanean ikusi nahi dituenak 11:00etatik aurrera izanen du aukera. Errezeta berriak ikasi nahi dituenak karpatik pasatu eta galdetzeko aukera izanen du. Izan ere, hango eta hemengo kulturetan arrozak nola prestatzen diren, zein aldamenekok prestatzen duen, sukaldaria ezaguna den edo ez, nondik etorri den jakiteko aukera dute goizean zehar karpatik pasatzen direnek. 

Zazpi arroz dastatzeko aukera izanen da igandean: Sahara, Altsasu, Valentzia (2), Maroko, Bulgaria eta Help-Na. “Azken momentuan hiru taldek ezin izan dute etorri”. Arroz guztiak 14:00etarako prest izanen dira, orduan jendeak haiek dastatzeko aukera izanen baitu. Zestauk azpimarratu nahi izan du Munduko Arrozak ez dela gastronomia-lehiaketa. “Saria da jatorri anitzeko altsasuarrak hurbiltzea eta espazio publiko bat partekatzea; elkarren ondoan egon eta elkar ezagutzeko, edo horretarako pauso bat ematea”. Zestauk altsasuarrak animatu ditu karpatik bi bisita egitera, aurrena, arrozak nola egiten diren ikusteko eta, atzena, arrozak dastatzeko. Jatekoez aparte, sentsibilizazio gune bat eta haurrendako jolasak izanen dira ere. 

Berritasunak 
Zestauk azaldu digunez, “munduko Arrozek formatua urtero berdina bada ere, beti badago berezitasunen bat, berritasunen bat edo jende berria”. Sukaldariek Mank-en mandarrak izanen dituzte lanerako. Haietan honako mezua irakur liteke: errezeta aberatsean, zurrumurruak kanpoan. Enpatiarako, egiarako, errespeturako… deia izan nahi du mandarrak. Zurrumurruek pertsonen arteko erlazioak gaiztotu ditzaketela gaztigatzeko modua ere bada. Eskuak eta muturra garbitzeko eskuzapiek ere zurrumurruak ez irenstera gonbidatuko dute: “pentsatu ikusi, entzun edo irakurtzen dena egia den edo ez”.  Sentsibilizazio gunean zurrumurruei aurre egiteko euskarriak izanen dira.

Liburuxka batean jasoko dira sukaldarien errezetak, zurrumurruen kontrako errezeta berezi bat barne duena.  Help-NA, errefuxiatuei eta migratuei harrera egiten dien Nafarroako suhiltzaileen eta boluntarioen elkarteko talde batek “osagai bereziekin arroza prestatuko du. Emozio-errezeta”. Horrekin guztiarekin batera, Pantxika Lamur ere karpan izanen da. “Umoretik, saiatuko da pertsonen arteko harremanetarako zubi-lana egiten. Baita zurrumurru bat desaktibatzeko umore-keinuak erabiliko ditu”.