Altsasuko festak 2019

Piedras Albasekin 25 urte senidetuta

Guaixe 2019ko ira. 17a, 10:09
La Encinak antolatuta Extremadurako eguna ospatu zuten hilaren 8an

Altsasuko eta Piedras Albaseko alkateek senidetze agiria sinatu zuten gaur 25 urte.

Gaur bezala, festetako azken eguna zen 1994ko irailaren 17a. Euria eta hotza egin zuen. Horregatik, Gregorio Rodriguez Juanes (Goyo), Peidras Albasko alkateak, eta Jose Manuel Goikoetxea Askorbek, Altsasuko alkateak, bi herrien arteko senidetze agiria plazako eszenario gainean sinatu zuten eguerdian, jendaurrean. Senidetzearen lekukoen artean zeuden Piedras Albastik autobusez etorritako 30 herritar baino gehiago, eta Caceresko Diputazioko ordezkaria. Agirian jaso zenez, “konpromisoa hartzen dugu bi udalen arteko harreman etengabeak mantentzeko; arlo guztietan herritarren arteko trukea sustatzea, elkar ulertzearen bidez, europar senidetasun sentimendu bizia eta nazioarteko elkartasuna sortzeko eta gure aukeren arabera, gure ahaleginak batzea beharrezko bakea eta oparotasuna lortzeko”. Sinaduren aurretik bi lurraldeetako himnoak entzun ziren. 

Eguraldiak ez zuen, Goikoetxeak nahi bezala, “ekitaldi ikusgarriago bat” egiten utzi. Ondoren, zinegotzi altsasuarrek (hiru faltatu ziren) Cacereskoei festetako ttattar gorri bana eta Altsasuko armarria zuen pin bana oparitu zieten. Goikoetxeak Rodriguezi markoan sartutako Nafarroako erliebedun-mapa bat oparitu zion eta haren eskutik Caceresi buruzko bi tomotako entziklopedia eta ezkurra-likorea jaso zituen. Segituan bi dantzariek aurreskua dantzatu zieten bi herrietako udalei. Ondoren, Gasteizko Extremadurako Etxeko Virgen de Guadalupe dantza taldeko 60 kidek eta Aitzindari dantza taldekoek erakustaldia eskaini zuten. 122 pertsona elkartu zituen senidetze-bazkariak, eguraldiagatik, Gure Etxea eraikinean egin behar izan zutena. Ekitaldiak 10:00etan hasi ziren, udaletxean egindako harrerarekin eta Otadiko Kristo Deuna ermitan izandako mezarekin. 

Bi herriak senidetzeko hartu-emanak 1991n hasi ziren, legegintzaldiaren hasieran. Altsasuko ordezkaritza 1994ko maiatzaren 6an izan zen Caceresko herrian. Eta haiek izan ziren festetan bisita bueltatu zutenak. 

Alkateaz
Piedras Albasek 300 biztanle zituen 1994an, 149 2018an. Nekazaritza eta abeltzaintza zituen jarduera nagusiak. Orduko alkate Rodriguez 9 urteetatik 32 urteetara Altsasun bizi izan zen. Horregatik, egun hartan makina bat ezagun agurtu zituen. Azaldu zuenez, berak eta Goikoetxeak eskolan elkarrekin ikasi zuten. Rodriguezek harrotasunez gogoratu zuen Santa Agedan errege izan zen aurreneko extremadurarra izan zela. Ordurako aita zen Rodriguez eta haurrekin urtean bitan Altsasura etortzen zela gaztigatu zuen, hemen baitzituen Teodora ama eta Juan, Justo, Antonia eta Dioni anai-arrebak.