Altsasuko promesetako txapelak etxean gelditu ziren

Guaixe 2019ko ira. 16a, 14:01

Igandean 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako final handiak jokatu ziren. Emakumezkoetan Leire Garaik eta Naroa Agirrek irabazi zuten, jubeniletan De la Fuentek eta Adrian Azpirozek eta promesetan Urtzi Nazabalek eta Aaron Arbizuk

Igande arratsaldean jokatu ziren Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajaukuk antolatutako 50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketaren final handiak. Aurten data borobila ospatzen du afizionatuen mailako pilota torneo ezagunak, 50 edizio, eta giro ederrarekin jokatu ziren finalak. 400 pilota zale baino gehiago bildu ziren Burunda pilotalekuan, eta gozatu ederra hartu zuten pilotariak animatzen, tartean sakandarrak baitzeuden.

Emakumezkoetan Irati Igoa etxarriarrak eta Sonia Alonsok sorpresa eman nahi izan zuten Leire Garai eta Naroa Agirre faboritoen kontura. Partida oso entretenigarria izan zen, bi bikoteak oso paretsu ibili zirelako, baina azkenean Leire Garaik eta Naroa Agirrek azkeneko txanpan tartea ateratzeko aukera izan zuten eta 18 eta 12 irabazi zieten Irati Igoari eta Sonia Alonsori, 29 minutu iraun eta 265 pilotakada izan zituen partidan. Emakumezkoen txapelak, beraz, ez ziren Sakanan gelditu. 

Irati Igoa: “final gogorra eta polita izan zen gurea”
“Emakumezkoena final gogorra eta polita izan zen, baina azkenean 18 eta 15 galdu genuen” azaldu digu Irati Igoak. Etxarriarrak urrian barna Gartzarongo Pilota Txapelketan parte hartuko du eta Emakume Master Cup txapelketan aritzeko zalantzan dagoela aipatu digu. “Palako partidak, Mulier futbol taldearekin jarraitzen dut eta astebururo futbol partidak ditut, txikien asteburuko futbol partidak… asteburuak ez dit denerako ematen” aitortu digu. 

Jubeniletan lehia estua
Ondoren jubenilen txanda izan zen. Finalerako sailkatu ziren Beñat Senar eta Altuna aurrelariak ordezkatu behar izan zituen antolakuntzak. Horrela, Jorge Fernandezek eta Ander Garmendiak Aingeru De la Fuente eta Adrian Azpiroz izan zituzten aurkari lehia oso estuan. Partida bikaina izan zen; 70 minutu izan zituen eta pilotariek 586 pilotakada gurutzatu zituzten. Bietako edozein biko izan zitekeen garaile, baina azkenean nafarrak gailendu ziren, Jorge Fernandezi eta Ander Garmendiari 20 eta 22 irabazi baitzieten Aingeru de la Fuentek eta Adrian Azpirozek. 

Promesetan Nazabal eta Arbizu gailendu ziren
Eta azkenik promesen edo helduen finala jokatu zen. Kasu honetan, sakandarren arteko finala izan zen, Irurtzun klubeko bi bikoen artekoa. Iosu Olaetxeak eta Ion Lazkozek osatu zuten bikoteetako bat eta Urtzi Nazabalek eta Aaron Arbizuk bestea. Hasieren bi bikoak parez pare ibili ziren, baina seinako berdinketaren ondoren Nazabal eta Arbizu tantoak pilatzen hasi ziren eta zuzenean joan zuten 16 eta 6ra. Aipatzekoa da Aaron Arbizu ikusgarri egon zela. Bukaeran, 11 eta 22 irabazita, Urtzi Nazabalek eta Aaron Arbizuk jantzi zituzten txapelak. 

Sari ematean Altsasu Kirol Elkartea eta Pilotajaukuk talde antolatzaileetako ordezkariak, Altsasuko Javier Ollo alkatea eta udaleko ordezkariak eta Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak egon ziren. 

50. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak
Emakumeak: Leire Garai-Naroa Agirre 18 / Irati Igoa-Sonia Alonso 12
Gazteak: Jorge Fernandez-Ander Garmendia 20 / Aingeru De la Fuente-Adrian Azpiroz 22
Helduak: Iosu Olaetxea-Ion Lazkoz 11 / Urtzi Nazabal-Aaron Arbizu 22