Altsasuko festak 2019

Udalak adinduak omendu ditu

Guaixe 2019ko ira. 17a, 13:15

Lore sorta bana eta festetako ttattarra jaso zituzten Julia Ramos Salgadok eta Florentino Etxabarri Bengoetxeak.

Herriko adinduenak arrazoi pertsonalengatik ezin zutela eta, Maria Rico Salgadok eta Florentino Etxabarri Bengoetxeak jaso dute udalak festetan adinduei egiten dien omenaldia. Bisita jasotzen aurrena Etxabarri izan da. Familiak medikurako hitzordua zuela esan eta kalera jaistean sorpresa hartu du udalekoak eta musika eskolako fanfarrea han ikustean. 1924ko garagarrilaren 3an jaio zen Oteitzan. Bidezain lana egin zuen. 1963an iritsi zen Irene Perezekin, lau semerekin eta alaba bakarrarekin batera Altsasura. Etxabarri duela hilabete eta erdi alargundu da. Egun sei iloba ditu, 4 mutiko eta 2 neskato. Haietako hainbat zeuden udalak aitortza egiteko unean. 

Julia Ramos Salgado 1921eko lastailaren 22an jaio zen Miranda de Ebron. 22 urterekin Altsasura ezkontzera etorri zen. Lucio Ruiz de Austrirekin ezkondu eta alaba bat izan zuen, Maite. Ordurako aita eta aitona Altsasun bizi ziren. Urteetan Altsasuko tren geltokiko estankoetako bat izateagatik da ezaguna Ramos. Izan ere, haien aita hil zenean 42 urte zituen eta hutsik gelditu zen estankoa hartzeko aukera izan zuten. Ramosek alabaz, suhiaz, Maite eta Amaia ilobez eta Leire birbilobaz lagunduta zegoen.