Udalak bi diru-laguntza deialdi egin ditu

Guaixe 2019ko ira. 23a, 09:27
Altsasuko bandera udaletxean.

Irabazi asmorik gabeko erakundeei eta garapenerako kooperazio proiektuei zuzendutako deialdiak dira.

Herrian eragina izanen duten integrazioa, aukera berdintasuna, gizarte arriskuko egoeren prebentzioa edota gizarte zaurgarritasun, babesgabetasun, dependentzia edo bazterketa egoeran daudenen alde landuko dituzten jardunak laguntzeko diru-laguntza deialdia onartu du Altsasuko Udalak. Bestetik, nazioarteko kooperazio eta garapenerako laguntza proiektuetarako deialdia ere onartu du Altsasuko Udalak. Aurrenak 7.200 euroko poltsa du eta irabazi asmorik gabeko elkarteak aurkeztu daitezke deialdira. Atzenaren poltsa 6.000 eurokoa da. Bi deialdietako batean interesa dutenek 20 egun baliodun dituzte eskaerak udaletxean aurkezteko.  

Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu duenez, bi deialdietara bideratutako dirua handitu egin du udalak, 2.200 eta 2.000 eurotan hain zuzen ere. “Aurreko bi urteetan udalak aurrekontu murritzagoa zuenez, diru-laguntza nominatiboak ematea erabaki zuen. Baina aurten zegozkion aurrekontu-zuzenketak onartu ondoren kopuruak handitu egin dira”.