Osasunbideak eta Altsasuko Josefina Arregi Klinika Psikogeriatrikoak sinatutako akordioaren helburua da gaixoen ongizatea hobetzea. Pazienteak klinikan dauden bitartean zentroko medikuek, fisioterapeutek eta erizainek erabiltzaileen klinika-historiarako sarbidea izanen dute. Horrek Josefina Arregi klinikako profesionalei aukera emanen die gaixo bakoitzari egokitutako arreta pertsonalizatu eta integratua hobetzen. Aldi berean, kalitate handiagoko zerbitzua ematen lagunduko die. Datu horietarako sarbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aginduz zentroan sartu diren pertsonen arreta zuzenerako baizik ez da baimenduko.
Gainera, Josefina Arregi klinikak Osasunbidearen eskura jarriko ditu haren instalazioetan artaturiko pertsonen klinika-historiak, datuak eta txostenak, osasun arreta egokia bermatzeko xedez.
Adierazpenak
Felipe Lezea Fundazioa-Josefina Arregui Klinikako zuzendari kudeatzaile Angel Gardachal Ausejoren hitzetan, “akordioak aurrerapauso handia ekarriko du klinikak aurten pazienteei zuzendutako zerbitzuak eta baliabideak eguneratzeko abiarazi duen etapa berrian, eta arreta mediko eta asistentzialaren zerbitzu bikainarekin batera, zentro hau Estatuko erreferentziazko postuetan mantenduko du dementzien arretari dagokionez”.