Parlamentuan kateatuta, sindikatuekiko jazarpena salatzeko

Guaixe 2019ko ira. 20a, 12:29

LABeko zortzi kide Nafarroako Parlamentuko leihoetara kateatu ziren sindikalismoa ez dela delitua nabarmendu eta Imanol Salinasi ezarritako espetxe zigorra salatzeko.

2018an Iruñeko La Sangiovesa jatetxean lan gatazka izan zen. LABeko kideak parean pankarta zabaldu, barnera sartu, pegatinak itsatsi, kartelak erakutsi eta bozgorailu bidez kontsignak oihukatu zituzten. Epailearen iritziz ekintza horiek bakarka egin izan balira, ez zuketen zigorrik mereziko. Baina denak batera egin zirenez, “koakzioa” dira eta zigorra merezi dute “askatasun sindikalaren esparrua” gainditzen dutelako, bozgorailuarekin protesta dinamizatzen aritu zen Imanol Salinasi bete beharreko 21 hilabeteko espetxe zigorra jarri zion epaileak maiatzaren 16an. 

LABek epaiari helegitea jarri dio, “epai hori eskandaluzkoa” delako. Egunotan ari dira errekurtsoa aztertzen. Hori dela eta, kateatu ziren LABeko kideak Nafarroako Parlamentuan asteartean. LABeko Iruñerriko idazkari Itxaso Torregrosak esan zuenez, “borroka sindikala aurrera kanpainaren bidez, Imanol Salinasekin egin nahi duten injustizia salatu nahi du, bai eta esplotazioaren zein prekarietatearen aldeko bere jarrera berretsi ere”. Ekintza horrekin sindikalistek Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari galdetu nahi izan zioten “zein jarrera duten gertatzen ari den honen inguruan, eta nahi dugu jakin zer eginen duten. Hau guztia bereziki larria baita”.

Imanol Salinasi babesa emateko kontzentrazioa eginen da Iruñeko Justizia Jauregiaren parean ostiralean, 12:00etan. Irailaren 28, 17:30ean, berriz, Iruñeko autobus geltoki zaharretik manifestazioa abiatuko da. LABetik haietan parte hartzera deitu dute. Bestalde, herri mugimenduak deituta larunbatean manifestazioa egin zen Altsasun. Fran Balda eta Imanol Salinas libre nahi zituztela aldarrikatu zuten.