Beikolarrerako hirigintza Plan Berezia egin beharra du Altsasuko Udalak. 2015eko maiatzaren 22an onartu zuena inguru horren nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabilera finkatu zuen. Baina lur-jabeetako batek Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusira jo zuen eta arrazoia eman zion, Beikolarrek bizitegi erabilera izan behar zuen. Altsasuko Udalaren kasazio helegitea ez zuen onartu Espainiako Auzitegi Gorenak eta, beraz, epaia irmoa da.
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “nahiz eta juridikoki epaiarekin ados ez egon Beikolarrerako hirigintza Plan Berezia egin beharra dugu, bizitegi erabilera jasoko duena”. Epaitegiak hilabeteko epea eman zion udalari. Epe horretan Plan Berezia egitea ezinezkoa zela eta sei hilabeteko epea eskatu ondoren, azkenik, epaitegiak hiru hilabete eman dizkio udalari Beikolarrerako hirigintza araudi berria egiteko.
Hirigintza araudian jasotako parte-hartze prozesuaren barruan udalak gaur, 17:00etan, Iortia kultur gunean, ekitaldia antolatu du. Plan Bereziaren edukiak eta alternatibak azalduko dituzte. Udal arkitektoaren aurreneko memorian Beikolar ordenatzeko hainbat aukera daude. Gehienez ere 53 familia bakarreko etxe aurreikusten dira, beheko solairua eta altuera bat dutenak, egun daudenen antzekoak. Aldi berean, udal ordezkariak lur-jabe guztiekin banakako bilerak eginen ditu bakoitzari informazio zehatza eman eta birpartzelazioa egiteko agiriak jasotzeko.
Altsasuko Udalak Beikolar urbanizatzeko 1.523.500 euroko inbertsioa egitea erabaki zuen aho batez garilaren 31n egindako bilkuran. Dirutza horretatik Altsasuko Udalak 533.000 euro jarri beharko ditu, Beikolarren hainbat jabetza baititu. Gainontzeko 990.500 euroak lur-jabeek jarri beharko dute.