Jatekoak zaborra ez direla azaltzera

Guaixe 2019ko ira. 25a, 08:51

Itziar Gomez kontseilariak Tuteran aurkeztu zuen kanpaina.

Elikagai hondakinak murriztu eta prebenitzeko Nafarroako Gobernuaren kanpaina Altsasuko azokan izanen da gaur, 10:00etatik 13:00etara. Baratzeko bide plazan food truck bat izanen da.

Elikagaiak alferrik galtzen uzten ditugu. Eta alferrik galdutako elikagaien % 42ak etxeetan dauka jatorria. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Janaria ala zaborra? Zuk erabaki kanpaina jarri du martxan, elikagaietatik sortutako hondakinak murriztu eta prebenitzeko herritarrek kontzientzia har dezagun. Kanpainaren mezua zabaltzen duen food truck edo janari-kamioiak Altsasuko azokan geldialdia eginen du gaur. Goizean zehar Batuta Sakana Elkarteak elikadura soberakinekin, hau da, egoera onean egon arren kontsumitu behar ez ziren elikagaiekin, prestatutako pintxoak banatuko ditu. 

Jarduera hori Nafarroako Elikagaiak Alferrik Galtzearen Kontrako I. Astearen barne kokatzen da, irailaren 21 eta 29 artean ospatzen ari dena. Kanpainak Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren helburuak eta neurriak martxan jartzeko prozesuaren barruan dago. Plan horren helburuen artean, 2027rako etxeko hondakinen sorkuntza %12 murriztea eta Nafarroan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako Plan bat idaztea daude. 

Kanpaina Nafarroako Gobernuko Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularraren Sustapenerako Bulegoak, Hondakin Partzuergoak eta GAN-NIKek bultzatu dute, eta Sakanako Mankomunitateak lagunduta, Sakanara gaur iritsiko da.