Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean sortu dute Jarain web gunea eta telefono mugikorretarako aplikazioa. Mank-eko lehendakari David Oroz Alonsok azaldu zuenez, “egitasmoa Indarkeria matxistari aurre egiteko Estatuko Itunetik jasotako ekarpen ekonomikoaren baitan egin da”. Orozek azaldu zuenez, tresnak bi helburu ditu. “Aurrena, indarkeria sufritu duten edo sufritzen ari diren emakumeendako informazio, aholkularitza eta baliabideak eskuragarri jartzea; informazio hori emakume guztiei iristen zaiela bermatuz. Eta atzena, indarkeria matxistaren kontrako prebentzio eta sentsibilizazioa lantzea”.
Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek aitortu zuen udalak indarkeria matxistaren kontra “koordinatuki lan egiteko garaia” dela. “Prebentzioan eragina handiagoa izanen delako. Baina emakumezkoei arretan ari diren zerbitzu guztien koordinazioa egiten hasi nahi dugu aurki. Gure ahalmenen neurrian, arreta eraginkorragoa lortu behar dugu eta, aldi berean, hura eskatzen duten emakumezkoendako erraza izan dadila”.
Orozek argitu duenez, “indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazio eta koordinazio arloan, erantzuna emateko asmoz sortu eta sustatu ditugu web gunea eta aplikazioa”. Hala ere, gaztigatu zuenez, “Sakanako jendartearen feedbacka-a eta parte hartzea ezinbestekoa izango da aplikazio hau etengabe eguneratzen eta egokitzen joan dadin”. Bi zerbitzuetako ordezkariek jakinarazi dutenez, euskarri berrian interesa duten taldeendako aurkezpen publiko edo lantegiak antolatuko dituztela.
Ezaugarriak
www.jarain.app edo telefonoendako aplikazio berrian sartzen direnek informazioa euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko aukera izanen dute. Biak ere irisgarriak dira, hau da, irakurterraza izateko letra tamaina handitzeko aukera ematen du aplikazioak. Orozek azaldu zuenez, “tresna erraza eta oso intuitiboa da”. Zazpi atal ditu Jarain.app-ek. Aurrena, zertaz ari gara atala da eta han Nafarroako legeak zehazten duen Emakumeen aurkako indarkeriaren definizioa hartuta, legeak barne hartzen dituen indarkeria motak zerrendatu dira. Hurrenak Sakanan eta Nafarroan dauden baliabideak zerrendatzen ditu, bai egoera larrian erabili beharrekoak, baita egoera larria ez denean erabil daitezkeenak.
Zure ardura ere bada atala da hirugarrena. Horretan, alde batetik, indarkeria matxista sufritzen ari den norbait ezagutuz gero egin beharreko aholkuak ematen dira. Eta, bestetik, berriro gerta ez dadin Sakanako jendarteak prebentzioan eta sentsibilizazioan zeregin handia daukagula azaltzen da. Laugarren atala, gazteei bideratuta dago eta irakurtzeko hizkuntza erreza eta zuzena du. “Egunerokoan nahi ditugun harremanen inguruko mezuak, indarkeria sufritzen ari bada egin beharrekoaz eta, azkenik, norbait ezagutuz gero zer egin azaltzen du”.
Tresna berriaren beste atal bat Ba al zenekien izena du eta han ohiko galderak zerrendatu dituzte. Batetik galdera praktikoak: indarkeriaren biktima nola froga dezakedan, baliabideak erabiltzeko salaketa jartzea beharrezkoa den, babes agindua nola eta non eskatu. Eta, bestetik, Sakanako zenbait datu esanguratsu jaso dituzte. Atzeneko atala agendari eskainitakoa da: “Sakanan gaiarekin lotura duten hitzordu eta albisteen berri emango da”.
Jarain!
Burundako euskalkian askatu esan nahi du. Sakanako festetako eraso sexisten kontrako kanpainak ere lema hori hartu zuen ardatz. “Sakanako emakumeak libre, Sakanako emakumeak aske bizitzeko” aldarria eginez. Bi zerbitzuen kanpaina bateratua izan zen.