Sindikalistaren alde egiteko deia

Guaixe 2019ko ira. 27a, 14:29

Imanol Salinas LABeko kideekin batera.

LABek deituta borroka sindikalaren aldeko manifestazioa eginen da Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta, bihar, 17:30ean. Imanol Salinasi 21 hilabeteko espetxe zigorra jarri diote.

LABek mobilizazio horrekin jazarpen sindikala eta Imanol Salinas kidearen aurkako kartzela zigorra salatu nahi ditu. Altsasun bizi den sindikalista La Sangiovesa jatetxearen lan gatazkaren harira salatu zuten 2018an. Hauteskunde sindikaletan LAB bozkatu zuten lau langileren kanporaketa salatzeko ekimena egin zuten jatetxe parean eta barruan. 

Sindikatuak eta enpresak akordioa lortu zuten eta nahi zuten langileek bueltatzeko aukera izan zuten. Baina Foruzaingoaren eta fiskaltzaren salaketak epaitegian bidea egin zuen eta epaileak Salinasi 21 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Aurretik, beste lan gatazka bategatik 18 hilabeteko espetxe zigorra zuen eta jatetxeko gertakariak izan zirenean aurrekariak desagertuak ez zeudenez, berrerortzeagatik kartzelara sartzera zigortu zuen. “Askatasun sindikalaren kontrako eskubide urraketa” gisa ikusten du Salinasek epaia. Helegitea aurkeztu zion eta epai berriaren zain dago Salinas. Eta aurreratu du epaia berretsiz gero ez dela kartzelara bere borondatez joanen. 

Salinasek beste lan gatazka bategatik beste epaiketa bat du lastailaren 10ean. Kasu horretan Huerta de Peraltako langileen joan den urteko greba dela eta epaiko dituzte LABeko bi sindikalista. Biek azaldu dutenez, langileak greban egonda, enpresara haien ordezko langileak sartzen ziren baita Almeriatik ekarritako produktua zuten kamioiak ere.  “Horrek ekintza sindikala lehertzen zuen”. Horregatik, enpresaren atean furgoneta bat kokatu zuten, sarrera horiek eragozteko. Biendako 12na hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dituzte. 

Biek aurreratu dute ez direla epaiketara joanen. Azaldu dutenez, “Huerta de Peraltako greba eskubidearen urraketa gelditzeko beharrezko ekintzak epaitu nahi dituzte. Desobedientzia legitimoa da injustiziak daudenean eta zigor epaitegiek ezin dute lantokietan irabazitako lan-gatazken inguruko epairik eman”. Izan ere, Huerta de Peralta lantokian ere aldeek akordioa lortu zuten, baina salaketak aurrera egin zuen. 

Erlazionatuak

Sindikalgintza jo puntuan

Guaixe Irratia 2019 ira 27 Altsasu