Atletismoa

Altsasuko Onddo Lasterketan izena ematea zabalik

Guaixe 2019ko urr. 3a, 11:20

Urriaren 19an jokatuko da Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatutako lasterketa eta oinezko ibilbide ez lehiakorra, eta izena ematea zabalik dago klubaren web gunean

Altsasuko feriekin batera, urriaren 19an, larunbatarekin, jokatuko da Onddo Lasterketa, Dantzaleku Sakana Atletismo Taldeak antolatutako lasterketa herrikoi eta ez lehiakorra. 6,5 km-ko lasterketa izango da, betiko ibilbidea, beheko basoko paraje zoragarrietan gauzatuko dena, eta helburua besterik gabe parte-hartzea da, korrika egitea, gure inguruneaz gozatuz goiz ederra pasatzea. Izena ematea zabalik dago www.dantzalekusakana.com web gunean. Izena ematearen truke, antolakuntzak Josefina Arregi Klinikako Lagunen Elkartearen aldeko dohaintza jasoko du probaren egunean. 

Urriaren 19an abiatuko da Onddo Lasterketa, aurten goizago. Goizeko 10:30ean oinezkoak abiatuko dira eta goizeko 11:00etan, aldiz, proba korrikan egingo dutenak. Izan ere, aurten Onddo Lasterketarekin batera antolatutako Ferietako Eskolarteko Krosak 40 urte beteko ditu eta haurren mailako lasterketak atzeratu eta 12:00etan izango dira. 

Ferietako 40.  Eskolarteko Krosa
Data berezia beteko du Ferietako 40. Eskolarteko Krosak. Bere kategorian Nafarroako lasterketarik zaharrena dela azaldu digu Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak. Onddo Lasterketa bezala, guztiz herrikoia da eta ez da ez sailkapenik ez saririk ematen. Urteurrenagatik, aurten errekonozimendua egin nahi diote txikienen lasterketari eta lehen orduan jokatu beharrean, eguerdian izanen dira. “Errekonozimendu bat egin nahi diegu duela 40 urte probaren antolakuntzan ibili zirenei eta baita ere bertan aritu zirenei, egun 47-52 urte dituztenei. Egun horretan plazara gerturatzeko deia egiten diegu” gaineratu du Bergarak. 

Dantzalekuko junta berritua
Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko zuzendaritza berritu da. Horrela, Iñigo Agirre da presidente berria, Jone Pelaez presidenteordea, Edurne Razkin idazkaria, Jorge Iradi diruzaina eta Josu Martin bokala eta ekipamendu eta jantziez arduratuko dena. Horretaz gain, beste 5 bokal izango ditu juntak: Mikel Goikoetxea, Eusebio Vinagre, Gorka Garcia de Eulate, Aingeru Azazeta eta Peio Bergara.