"Plazara ateratzea da garrantzitsuena"

Guaixe 2019ko urr. 8a, 13:22
Ekain Alegre bertsolari gazte altsasuarra. UTZITAKOA

Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketaren bigarren edizioan parte hartuko du Ekain Alegre gazte altsasuarrak. Bere bigarren Bertsokabi izanen da, eta Iker Gorosterrazurekin aterako da "plazara". "Egiten dakidana erakustera" doa

Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketaren bigarren edizioa hasi zen urriaren 3an, eta urriaren 24ra arte jokatuko da, ostegunero, Iruñeko zenbait tokitan. 15 eta 30 urte bitarteko bertsolari gazteek parte hartzen dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako sariketan. Horien artean altsasuar bat dago: Ekain Alegre. Bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateko sortu zuen sariketa hau duela bi urte Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Gainera, gazteen artean bertsozaletasuna zabaldu nahi du ere elkarteak.

Ekain Alegre bertsolari gazte altsasuarrak esperientzia du Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketan, izan ere, duela bi urte parte hartu zuen Joanes Illarregirekin batera. Aurten Iker Gorostearrazurekin ariko da, izan ere, Bertsokabin bikoteka aritzen dira bertsolariak. Sariketaren bigarren kanporaketan ariko dira, Iruñeko Zabaldi elkartean, urriaren 10ean, osteguna, 19:00etan. Irati Majuelo eta Alazne Untxalo eta Beñat Astiz eta Amaia Elizagoien bertsolari bikoteekin lehiatuko dira. "Plazara ateratzea da garrantzitsuena, bertsolari gazteok plazara ateratzeko aukera bat da". Ideia "polita" dela dio Alegrek. 

Bertso zaletasuna
Etxean "beti" bertsoak entzun izan ditu eta bertsolaritza "gustatzen" zitzaion Alegreri, beraz, Zelandi ikastetxean bertsolaritza ikasten ari zirenean, Joxema Leitza irakasle zela, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Eskolarteko bertsopaper lehiaketan parte hartu zuen, eta irabazi zuen. Horrek motibazio handiagoa eman zion. Beraz, bertsoak serioago hartzea erabaki zuen eta bertso eskolan hasi zen Joxema Leitzarekin. "Jarraitzen saiatzen gara, nahiz eta beti erraza ez izan; orain Altsasun ez gara lehen bezainbeste. Baina gaudenak gustura gaude". 

Bertsokabi bezalako "ekintzek eta txapelketek" aukera ematen diete bertsolari gazteei "egiten dakiguna" erakusteko. Plazara ateratzea garrantzitsuena dela dio altsasuarrak: "Saioetan izen handiko bertsolariak egoten dira. Nafarroan badago korronte edo joera bat bertsolari gazteak parte hartzeko, eta gero eta gehiago ari dira sartzen". Plazara ateratzea, beraz, garrantzitsua dela uste du, izan ere, "etorkizuneko bertsolariak izango dira edo gara". 

"Gure helburua saio polita egitea eta dugun maila erakustea da. Baita publikoa ongi pasatzea eta gozaraztea ere". Nahiz eta saria egon, izan ere, "motibazioa egon behar da maila ona emateko", garrantzitsuena "bertsolariek egiten duguna" erakustea dela dio Alegrek. Hortaz, puntuazio sistema ohiko txapelketatik aldentzen da: publikoak ere bozkatzen du. "Epaileek eta publikoak paper batzuk dituzte eta ariketak puntuatzen dituzte. Bien bataz bestekoa egiten da". Ondorioz, ariketaren maila baino "sentsazioak" kontuan hartzen dira. 

Ariketak ere desberdinak dira. "Publikoari gustatu behar zaio eta jokoak, ofizioak eta halakoak dira, gehien bat". Bikoteek agurra batekin hasi behar dira, "aurkezpena" izanen dena. Bikoteka aritzen direnez, aurretik "zerbait prestatu" behar dutela azaldu du Alegrek: "elkar ulertzea eta elkarlana garrantzitsuak dira. Bikote kideak gaizki egiten badu edo ez bada hain fina egon, lagundu behar diozu". Bere bikote izanen den Iker Gorosterrazu aurretik ezagutzen du, izan ere, bertso udalekuetan elkarrekin egon ziren. "Ea zerbait polita egiten dugun". 

Sariketa
Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketaren lehenengo kanporaketa aurreko ostegunean, urriaren 3an, jokatu zen Iruñeko Terminal tabernan. Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo, Ainara Ieregi eta Saio Alkaiza, eta Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi bertsolari bikoteek parte hartu zuten. Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi bertsolariak nagusitu ziren lehenengo kanporaketan, beraz, urriaren 24an Iruñeko Herriko tabernan jokatuko den finalera pasa ziren.

Bigarren kanporaketa ostegunean, urriaren 10ean, jokatuko da Iruñeko Zabaldi Elkartasun Etxean. Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Beñat Astiz eta Amaia Elizagoien eta Ekain Alegre altsasuarra eta Iker Gorosterrazu bikoteak ariko dira. Saioko bikote irabazlea finalera sailkatuko da.

Hirugarren kanporaketa urriaren 17an izanen da, osteguna, Mendillorriko Antzaran, 19:00etan. Mikel Lasarte eta Sarai Robles, Endika Legarra eta Joanes Illarregi, eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo izanen dira ariko diren hiru bertsolari bikoteak. Irabazleak finalerako txartela irabaziko du.

Bertsokabi sariketaren finala urriaren 24an, osteguna, jokatuko da Iruñeko Herriko tabernan, 19:00etan eta sariketaren hiru kanporaketen irabazleak ariko dira.