Kultur astea jubilatu elkartean

Guaixe 2019ko urr. 3a, 16:36

Altsasuko jubilatu elkartearen sarrera.

Astelehenean hasi zen eta igandera arte luzatuko da. Asteartean bazkide eguna ospatu zen.

Adinduen Nazioarteko Egunarekin batera, asteartean, Altsasuko La Union jubilatu eta pentsiodunen elkarteak bazkide eguna ospatu zuen. Ehun pertsona elkartu ziren bazkaltzera eta ondoren dantzaldiaz gozatu zuten. Aitortzak ere egiteko baliatu zuten. Hala, urtetan pediatra lanean aritutako Jose Luis Lopez Oribek egindako lanaren esker onez plaka jaso zuen. Horrekin batera, urtetan elkarrekin luze bizi diren bikoteei ere aitortza egin zitzaien: Moises Garisoain eta Maria Jesus Ibañez diamantezko ezteiengatik eta 90 urte beteak dituzten Alejandro Grados eta Marcela Romo. 

Bazkide eguna elkartearen 13. kultur astearen barruko ekitaldietako bat izan zen. Astean zehar Gurutze Gorriak boluntario izateko dauden milaka moduez hitzaldia eman du. Hitzaldietan aztertutako beste gai batzuk izan dira: inteligentzia eta irudimena ez dira sekula jubilatzen eta  prebentziozko-botereak eta testamentu disposizioak (gaur, 18:00etan). Bihar, 18:30ean, Iruñeko El Salvador jubilatu elkarteko rondallaren kontzertua izanen dute. Bihar, 18:00etatik 19:30era oparidun-bingoa izanen da eta ondoren txokolate-jana. Kultur astea Trasteandoren kontzertuarekin despedituko da domekan, 17:30ean.