Pinpilinpauxarena festetako erakusleiho onena

Guaixe 2019ko urr. 5a, 12:41
Lehiaketan saritutakoak.

Dendari Elkarteko establezimenduetan gastatzeko 30 euroko hiru txartel zozketatu dituzte peñek.

Altsasuko Peñek eta Altsasuko Dendari Elkarteak IV. Festetako erakusleiho lehiaketa antolatu zuten. Elkarteko hain bat establezimenduk euren erakusleihoak festetako gaiekin edertu zituzten irailaren aurreneko erdialdean. Peñen Facebook profilaren bidez botoa emateko aukera zegoen eta 75 bat pertsonek baliatu zuten aukera. Haien % 36,4k Pinpilinpauxa dendaren erakusleihoa jo zuten onena. Festetako pankarta bat, buruhandi bat, eta Mutiko peñako atorrarekin jantzitako manikia ziren erakusleihoko osagaiak. 

Pinpilinpauxako jabeak, Mª Jesus Alonso Fernandezek peñen aldetik gazta eta ardo botila jaso zituen sari gisa. Eta bozketan parte hartu zutenen artean peñek ADEko establezimenduetan gastatzeko 30 euroko hiru txartel zozketatu zituen eta sarituak Edurne Etxeberria Barrena, Kristina Santano Cid eta Puy Imaz Ollokiegi (ezin izan zuen sari banaketan egon). 

Altsasuko peñetako kide Ainhoa Ramirez de Alda Azurmendik esan digunez, dagoeneko ferietako egitaraua erdi prest dute. “Jendea gogoz etor dadila. Hilaren 19an, larunbatarekin, herri bazkaria eginen da eta ohi bezala txartelak ohiko tokietan jarriko dira salgai. Festetan arrakasta izan zuen elkarte-poteoa eginen da, beste batzuetatik pasatuz”.