Huerta de Peraltako lan gatazkagatik epaituko ditu Emilio Labella epaileak Jose Javier Oses eta Imanol Salinas LABeko sindikalistak. Lantegiaren atean furgoneta bat aparkatu zuten enpresak greban zeuden langileak legez kanpo ez ordezkatzeko eta Murtzia nahiz Almeriatik ekarritako lehengaien sarrera eragozteko eta horrela grebaren eragina murrizteko. Epailea zein den ikusita, LABeko kideek “beste epai injustu bat emateko arriskua” ikusten dute. Horregatik, bi auzipetuekin auto-inkulpatzeko kanpaina jarri du martxan LABek. Haren bidez adierazi nahi dute “ez dutela errurik batere, eta hazten ari den prekaritatearen kontra ekintza sindikala inoiz baino beharrezkoagoa dela”.
Bestetik, Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiak “mehatxu arinak” delitua egotzita 450 euroko isuna jarri dio Salinas. Labella epaileak 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Salinasi La Sangiovesa jatetxean egindako protesta bategatik. LABek epaiari helegitea jarri zion argudiatuz protesta harta ez zela indarkeriarik egin (megafono batekin kontsignak zabaldu ziren, pankarta zabaldu eta pegatinak jarri ziren) eta epai berrian hori onartu da. Jarritako isuna sindikatuaren borroka kutxatik pagatuko da.
LABeko kideek esan dutenez, “jarduera sindikal zilegiaren ondorioz Imanol Salinas espetxeratua ez izatea berri ona da sindikalismo osoarendako. Halere, enpresa eta sindikatuaren artean lan gatazkari amaiera emateko akordioaren gainetik, ekintza sindikal legitimoaren kontrako prozesu judiziala egon izana bera salagarria dela iruditzen zaigu”. Epaile batek sindikalista bat “espetxeratzeko zorian izatea larritzat” jo du LABek. Sindikatu abertzaleko kideen salatu dutenez, “sistema judizialean joera antisindikal bat dago”. Justiziaren “patronalizazioa” deitu diote. “Foruzaingoak, Lan Ikuskaritzak edota Fiskaltzak ez dute ezer egiten prekaritate eta esplotazio egoeren aurrean, baina horiek salatzen dituzten sindikalisten kontra aritzen dira”.