Foru plazan haurrendako parkea eginen da

Guaixe 2019ko urr. 5a, 10:27
Haurrak eta amak Intxostiapuntako parkean. Artxiboa.

Parte-hartze aurrekontuko 40.000 euroak horretara bideratuko dira. Elizako erlojuaren azpian eta Jose Ulibarrenaren eskultura artean kokatuko da.

“Plazan haur ugari egoten dira eta haiendako jolas parkeko elementurik ez dago herriaren toki enblematiko horretan. Egoerak haurrendako jolas parke bat jartzea eskatzen du”. Azalpen horiek irakur litezke parte hartze aurrekontuetara aurkeztutako lau proiektuetako batean. Altsasuko Udalak bere egin zuen proposamena irailaren 25ean egindako bilkuran eta hura egiteko aurrekontu aldaketa onartu zuen Geroa Bairen aldeko eta EH Bilduren kontrako botoekin. Diruzaintzako 40.000 euro bideratuko dira parkea egitera. 

Javier Ollo Martinez alkateak aitortu zuen aurten askoz ere proposamen gutxiago aurkeztu zirela, epe eta zabalkunde bera izanik. Eta diru-saila bikoiztu zela nabarmendu zuen. Parte-hartze prozesuaren araudiari eta egungo legediari jarraituz, aurkeztutako lau proposamenetatik hiru baztertu egin zituen udalak, diruzaintzako poltsan dagoen dirua zertara bideratuta mugatuta baitute udalek. Inbertsioak izan behar dute. 

Iritziak 
EH Bilduk parte-hartze prozesua egin den moduagatik bozkatu zuen kontra. Javier Paz Miñok azaldu zuenez, “parte hartze aurrekontuak altsasuarrek udal bizitzan parte hartzeko bitarteko bat da, ekarpenak egin eta erabakiak hartu ahal izateko. Prozesua nola izan den ikusita parte hartze prozesua indargabetu egin da. Jendeari diru hori zertan gastatu erabakitzeko aukera kendu zaio”. Pazek gogorarazi zuen Parte-Hartze Batzordearen erabakiari helegitea aurkeztu ziotela hainbat aukera proposatuz: deialdia eman gabe deklaratzea, “gutxien gustatzen zitzaiguna”; proiektu gehiago aurkezteko epea zabaltzea edo batzordearen oniritzia jasotako proiektua herritarrek bozkatzea nahi zuten edo ez. “Aukeretako bat bera ere ez da kontuan izan. Deialdiaren oinarriak literalki hartuta herritarrek eman behar dute iritzia eta udalak hartu du erabakia. Ez zaigu modu egokiena iruditzen”. 

Ollok azaldu zuenez, proposamen batek ez zuen araudia betetzen, bestea, teknikoki ez zen inbertsio bat. Eta bik egin zuten aurrera, onartutakoa eta estalpedun haurrendako jolas-parkea proposatu zuena. “Azken horrek ez zuen memoria aurkeztu. Proposatzaileari deialdiko araudia bete eta memoria aurkeztea eskatu zitzaion eta ez zuen aurkeztu”. Alkateak esan zuenez, proposamen bakarrarekin gelditu ziren. “Parte-hartzea prozesuaren izaera loteslea delako inbertsio hori eginen dugu. Hala ere, Ollok gaineratu zuen: “heldu den urteko deialdian halako egoerak kontuan izan beharko dira deialdian”. 

Pazek gaineratu zuenez, udalak onartu zuen proiektua zinegotzi batek aurkeztu zuen. “Legitimitate guztia du. Baina gure ustez prozesu horien bidez herritarrei eman nahi zaie aukera. Herritarrek ez dituzte guk zinegotzi moduan udalaren erabakietan parte hartzeko ditugun bitartekoak”. Ollok 2020rako deialdian zinegotzi batek bere kabuz udalari proposamena egin diezaiokeen edo ez aztertu beharko dela esan zuen. 

Azkenik, Maixabel Lopez de Uralde Muñozendako jolas parke bat jartzeko tokirik egokiena ez dela, “mundu guztia handik pasatzen da festetan, eta asko ditugu herri honetan”. Jendeak parrandan parkea erabili duela ohartarazi zuen. Eta gaztigatu zuenez, “berriro ere umeendako jolas parkea izanen da, baina haur koxkorragoendako ez dago jolas-parkerik Altsasun”. Alkateak azaldu zuenez, Zumalakarregi plazan jarriko den parkearen elementuetako batzuk haur handiagoendako izanen dira.