Udalak Ibarrea industrialdeko saneamendu sarea eginen du

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko urr. 4a, 11:32
Altsasuko ikuspegia Bakaikuko maiatzetik. Goian Ibarrea industrialdea.

Lanak eman berri ditu eta heldu den astean hastea espero da. Industrialdeko hondakin urak gaur egun ibaira botatzen dira eta hori saihestu nahi da. Udalak beste bost inbertsiori bide eman die; guztira 568.187 euro guztira.

Ibarrea industrialdeko hondakin urak jasotzeko saneamendu sarea Apezetxea Anaiak SL enpresak eginen du 242.837,02 euroren truke (BEZ kanpo). Hala erabaki du Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Lanak heldu den astean hasiko dira eta azaroa bukatu aurretik despeditu behar ditu enpresak. Saneamendu sarea lanen aurreneko fasea izanen da. Ondoren sare hori Geltoki auzoko azpiegiturarekin lotzeko lanak eginen dira. Hala, Ibarrea industrialdeko hondakin urek ibaian bukatu beharrean araztegian bukatuko dute, garbitu eta ibaira bueltatzeko. 

Aurreikusitakoaren arabera Ibarrea industrialdearen hasieran biltegi bat eginen da eta kale guztian aurrera hari lotuta egonen den saneamendu sarea eraikiko da. Lantegietako eta etxeetako loturak egin beharko dituzte. Gaur egun industrialdearen sarreran bada biltegi bat eta 250 metrotako luzera duen banaketa sarea. Kolektore berria egun dagoen biltegiarekin lotuko dute. Bigarren fasean han jasotako hondakin urak Geltoki auzoko ur-biltegira eramateko lanak eginen dituzte. Euri urak jasotzen dituen 180  bat metroko sarea dago industrialdearen akaberan, besterik ez. Euri urak jasotzeko sarea egiteko asmoa ere badago, baina aurrerago eginen da. 

Ibarrea Altsasuko industrialde zaharrena da. Garaiko ohiturari jarraituz, lantegiak kokatu ahala hazi zen industrialdea. Handitzearekin batera ez zen saneamendu sarerik egin eta industrialdean dauden lantegietako eta inguruko etxeetako hondakin urak Altzania ibaian bukatzen dute gaur egun. Horri konponbidea ematen saiatu da aspaldidanik Altsasuko Udala. Isurketen inguruko ikerketa egin zuen udalak 2001ean eta Toki Administrazio Departamentuarekin protokoloa sinatu zuen 2003an. Baina lanen aurrekontu handiak ezinezko egin du orain arte. Eta isurketa horiengatik Altsasuko Udalak Ebroko Ur Konfederakundeari urtero 1.345,2 euroko isuna pagatzen dio. Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuan jasota dagoen lana da eta udalak 300.000 euroko diru-laguntza jaso du. Bigarren fasea egiteko ere laguntzaren beharrean izanen da. 

Lan gehiago emanak 
Erkuden eta Bakea kaleetako etxarte batean 57 ibilgailurendako aparkalekua eginen du Apezetxea Anaiak SL enpresak. Zoruan asfaltoa zabaldu eta argiteria jarriko du 137.021,64 euroren truke (BEZ barne). Bestetik, Ondarria industrialdeko argiteria publikoko kanalizazioaren berritzea Promociones y Pavimentaciones Balgorza SAk eginen du eta udaletik 65.515,51 euro jasoko ditu (BEZ kanpo). Montajes, Mantenimiento y Automatismos Electricos Navarra SL enpresak argiteriako bi lan eginen ditu Altsasun: Zelandi eskola publikoan LED argiak jartzea (udalak Nafarroako Gobernuaren 12.050,83 euroko diru-laguntza du) eta Isidoro Melero eta Ermita kaleetako argiteria publikoa berritzea (17.141,53 euro, BEZ kanpo). Azkenik, Marino Aierra Redin  etxegabeen aterpe berriko altzariak Aratz Proyect SLL jarriko ditu 17.472,03 euroren truke (BEZ kanpo). Lan guztiak urtea despeditu aurretik eginak egon behar dute.