Gaztetxeak 29 urte beteko ditu bihar

Guaixe 2019ko urr. 4a, 13:47
Gaztetxean izandako kontzertu bat. Artxiboa.

Asteartetik bihar arteko egitaraua prestatu du Altsasuko Gazte Asanbladak Socorro etxea zena okupatu zela gogoratzeko.

Altsasuko gaztetxearen urteurreneko egitaraua aletzen segitzen du gaur. Atzo, gaur eta etzi, ametsetan sinetsi leloa aukeratu Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) gaztetxearen 29. urteurrenerako. AGAko kideek asteartetik atzora arte gaztetxean egiten ari diren auzolanean parte hartzera deitu zuten. Bestetik, asteazkeneroko ohiko batzarra lau pareten artean egin beharrean Foru plazan egin zen herenegun. Aldarrikapenak ere tokia izan zuen eta Imanol Salinas LABeko sindikalistaren aldeko kontzentrazioa egin zuten atzo. Horren ondoren Gaztewood film laburren lehiaketa gogora ekarriko zuen merienda izan zen. Hain zuzen lehiaketa horren atzera begirakoa egin zuten joan zen urtean, aurten egin denaren abiapuntu izan zena. 

Gaztetxearen urteurren ospakizunetan klasiko bat da kalderete txapelketa, larunbat goizean Foru plazan jokatuko dena. AGAtik gaztigatu dutenez, haiek mahaiak, bankuak, menajea eta eltzekoa berotzeko beharrezko guztiak jarriko dituzte. Jatekoa gasarekin prestatu nahi duten kuadrillek eurek eraman beharko dituzte erretzailea eta gas bonbona. Edaria gaztetxearen kontu bada ere, kuadrillen kontu izanen da bazkariko ogia. Azkenik, AGAko kideek 25 urteurrenerako ateratako zapiak janzteko deia egin dute. 


Egitaraua 
Lastailak 4, ostirala
17:00etan Haurren txokoa, plazan. 
18:30ean Txokolate-jana, plazan. 
20:30ean Auzatea, gaztetxean. 
22:30ean Txikiren bakarrizketa, gaztetxean. 

Lastailak 5, larunbata 
11:00etan Kaldereteen prestaketaren hasiera. 
12:00etan Txupina. 
14:30ean Kalderete txapelketa. Ondoren, jolasak, zumbapoteoa, Altsasuko kuadrillen elektrotxaranga. 
22:00etan Magrak, gaztetxean. 
22:30ean Erromeria, gaztetxean: Ingo al deu?