Saskibaloia

CBASKek ekin dio Autonomia Arteko 2. Mailako Ligari

Guaixe 2019ko urr. 10a, 09:54

Autonomien Arteko 2. Mailako Liga asteburuan hasi zen eta Logroñoko Sanignacioren kontra galdu egin zuen CBASK-Jatormanek

Autonomien Arteko 2. Mailako Liga asteburuan hasi zen. Liga horretan Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen dira eta bertan dago Altsasuko CBASK-Jatorman taldea. Larunbatean, Logroñon jokatu zuen CBASK-Jatormanek bertako CB Sanignacio taldearen kontra. Partida lehiatua izan zen,  baina azkenean 74 eta 52 gailendu zen talde errioxarra. Sailkapenean Humiclima da liderra 2 punturekin, eta CBASK-Jatorman 13.a da, puntu batekin.

Hurrengo jardunaldian egoerari buelta emateko aukera izango du Altsasuko CBASK-Jatorman taldeak. Etxean jokatuko du, Zelandin, urriaren 27an, igandearekin, 12:00etan, Larraona A taldearen kontra. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoa ere abian
Nafarroako Senior Gizonezkoen 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan dabil aurten CBASK-IFUEL taldea. Kasu honetan ere, taldeak ez zuen denboraldia ongi hasi. Larunbatean Oberenan jokatutako partidan, Paderborn Baskets Oberena taldeak 69 eta 54 irabazi zion Altsasuko taldeari, partida lehiatuan. Nafarroako seniorren maila autonomikoan Escaleras Aguerri da liderra (2 puntu) eta CBASK-IFUEL seigarrena da (puntu 1). Larunbatean, 18:00etan, CBASK-IFUEL taldeak Liceo Monjardin taldea hartuko du Zelandin. Bi taldeek galdu egin zuten lehendabiziko jardunaldian eta, hortaz, irabaztera aterako dira. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailari ekingo dio CBASKek
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan ekingo dio ligari Altsasuko CBASK taldeak. Urriaren 19an jokatuko du aurtengo denboraldiko lehendabiziko jardunaldia, Olatzen, 19:30ean, Valle de Egues taldearen kontra.