Ahozko eta materiagabea den ondarea jasoko da

Guaixe 2019ko urr. 13a, 12:57
Jendea azokan.

Udalak eta Labrit multimedia enpresak akordioa sinatu dute azken horrek 46 altsasuar elkarrizketatu ditzan. Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboa proiektuaren baitan kokatzen da lana

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saila Nafarroako Ahozko eta Materiagabea den Ondarearen Artxiboa proiektua egiten ari da. Alfredo Asiain Ansorenaren zuzendaritzapean egiten ari den lan hori 2005ean hasi zen. Haren helburua da Nafarroako “herrietako kultur genoma” jasotzea heldu diren belaunaldiei transmititu ahal izateko. Hori lortzeko herriz herri elkarrizketa etnoantropologikoak egiten ari dira “XX. mendeko memoria” gordetzen duten pertsonei. Nafarren % 1 elkarrizketatu nahi dituzte. Hitzarmen baten ondorioz, elkarrizketak egiteaz Labrit Multimendia enpresa arduratzen da. 

Sakanako hainbat udalek aurretik egin bezala, Altsasuko Udalak egitasmoarekin bat egitea erabaki du eta horretarako aipatu enpresarekin hitzarmena sinatu du. Horren arabera, udalak enpresari elkarrizketatu daitezkeen 46 altsasuarren zerrenda pasako dio. Aukeraketa udalaren Historia-memoria eta Elkarbizitza Batzordeak enpresarekin batera eginen du. Lana egiteko, gainera, 13.294 euro emanen dizkio udalak (BEZ kanpo). Elkarrizketa horiek urtea despeditzerako eginak izan beharko ditu enpresak.