Herri mugimenduak udalaren “oztopo” jarrera salatu du

Guaixe 2019ko urr. 12a, 10:10
Herri mugimenduko kideek euren iritzia ematen.

“Altsasun ditugun baliabideak benetan herritarrontzako erabilgarriak izan daitezen tasen jaitsiera nabaria” eta plazako jolas-parke egitasmoa gelditzea eskatu du.

Altsasuko herri mugimenduko kideek prentsa agerraldia egin zuten udalari “herritar antolatuekin duen jarrera aldatzeko neurriak” hartzea eskatu diote. “Uste dugu udalarekin komunikazio egoki bat eraikitzeko ez dela zuzena edozein gauzarentzako tramiteak, instantziak eta hamaika traba burokratiko gainditu behar izatea”. Udalak herri mugimenduarekin “jarrera zurruna malgutzea” eskatu dute: “ez dezala edozein gauza antolatzen denean geroz eta burokrazia gehiago jarri tartean, batez ere udalak trukean egin beharko lituzkeen betebeharrak betetzeko gai ez denean”. 

Aitortu dutenez, “udalak eta herri mugimenduak interes kontrajarriak izanen dituzte, ikuspuntu politiko desberdinen arteko eztabaida politikoa da azpian dagoena. Uste dugu eztabaida politikoa osasuntsua dela oso, baina egon daitezken desberdintasun politikoak aitzakia tekniko eta legalen atzean ezkutatzea ez da zintzoa”. Horregatik, Geroa Bairi eskatu diote “ herri mugimenduarekin izan ditzaken ezberdintasun politikoak era zintzo batean politikoki eztabaidatzeko eta ez erabiltzea udalaren eskumen teknikoak politikoki bat egiten ez duten horiek desgastatzeko”. 

Adibideak 
Herri mugimenduko kideek azaldu zutenez, 2015era arte “herriko kolektibo, elkarte eta eragile guztiek udalarekin batera antolatzen genuen jaietako programazioa eta marko horri programazioa erabakitzeko eskumena aitortzen zitzaion. Bertan, hamarnaka kolektibok parte hartzen genuen”. Azaldu dutenez, festen “programazioaren erabaki markoa udalera eramanez, beste eragileon parte hartzea erabat sinbolikoa bilakatu da. Hitz egiteko aukera bai, baina erabaki ahalmenik gabeko espazio bilakatu da festen programaziorako antolaketarako espazioa, marko horren desagertzea eraginez”.

Gaineratu dutenez, “herriko baliabideak erabili ahal izateko oztopoak” jartzen ditu udalak. “Geroz eta tasa gehiago ordaintzen ari gara, eta askok onargarriak diren mugak pasa ditu. Iortia kultur gunea, Gure Etxea, eszena-tokia, frontoiak erabili ahal izateko dirutza ordaindu beharra eta hamaika traba burokratiko gainditu behar izatea”. Horren adibide gisa jarri zuten Ospa eguna edo festak antolatzeko 3.500 euro ordaindu behar izan zituztela. Eta gaztigatu zutenez, “herriko baliabideak erabiltzeagatik horrenbeste diru ordaindu behar izateak, xumeagoak izan daitezkeen herriko eragile batzuk ekimenak egiteko aukera eragotzi dezake, eta hori onartezina dela deritzogu”.

Herri mugimendutik azaldu dutenez, udalean “ez dira gai dituzten betebeharrak egoki egiteko”. Horren adibide gisa jarri dituzte Altsasuko Gazte Asanbladak frontoia bazkarirako eskatu eta gero okupatua egotea, Gaztewooderako “milaka traba jartzea, inongo abisurik gabe gaztetxeko paretan zulo bat egin izana edo Haize Berriak bandarekin izan dituen talkak”. Azaldu dutenez, “ez dugu uste herriarendako lan egitea soilik ikusgarri den hori egitea denik. Sare sozialen bitartez errentagarritasun politiko zuzena ematen ez badute ere, beste gauza hauek ere zaintzea beharrezkoa deritzogu”.

Plazako jolas-parkeaz 
“Prentsaurrekoa deitzera bulkatu gaituen gertakaria, guretako larria” Foru plazan jolas-parkea jartzeko Geroa Baiko udalaren asmoa izan dela esan dute herri mugimenduko kideek. “Uste dugu, ideia horren atzean beste motibazio batzuk daudela. Udalera sartu zen lehenengo urtetik saiatu da festetan herri mugimendua plazatik kanporatzen, festaren erdigunetik banandu herriko beste punta batean zokoratuta uzteko. Parkea egiteko saiakera hori aurrera eramateko aitzakia egokia bilakatu da. Herritar antolaturik gabeko Altsasu hil bat nahi dute eta, horregatik, bota nahi dute herri mugimendua festaren erdigunetik.”. 

Herri mugimenduko kideek “parke horren beharrezkotasuna zalantzan” jarri dute, “herrian egoki zaindu gabeko beste parke batzuk daudenean batez ere”. Horregatik, jolas-parke proiektua “gelditzea” eskatu dute.