Drag-e robota Altsasun

Guaixe 2019ko urr. 11a, 12:04

Teknologia berriak eta arte eszenikoak uztartzen ditu Logela Multimedia konpainiak. Etzi, igandea, 17:00etan, konpainiak 'Drag-e uraren bila' ikuskizuna eginen du Altsasuko Iortia kultur gunean

Antzerkia, dantza, musika, robotika, bideoa eta interakzioa uztartzen ditu Logela Multimedia konpainiak Drag-e Uraren bila antzezlanean. "Aktoreek irudiekin harremana dute. Aktoreen ekintzak eta agertokiko pantailetan agertzen diren irudien artean elkarrizketa bat dago". Pantailak eta robotak dauden arren, protagonismoa benetako aktoreek eta dantzariek dutela azaldu du Ander Garaizabal Logela Multimediako kideak. Etzi, igandea, 17:00ean, Ilargia kultur gunean antzezlan multimedia ikusteko aukera izanen da. 

Drag-E Uraren bila antzezlanean bi robot agertzen dira. Bat aurrera eta atzera mugitzen da eta bestea estatikoa da. 2800. urtea irudikatzen dute, eta Lur planetan izaki bat bizi da. Landare bat ere bizi omen da planetan. Lurrera bizitza ekartzea izanen da lau pertsonaien erronka. Wall-E animaziozko pelikularen lehenengo minutuetan inspiratu dira antzezlana sortzeko, "ingurugiro" horretatik. "Apokaliptikoa dirudien arren, alaitasunetik eta poztasunetik eginda dago". 4 urte gorako haurrendako gomendatuta dago, baina "keinu batzuetan" gurasoei gustatuko zaiela ere azaldu du Garaizabalek: "oreka mantentzen saiatzen gara".