Maravillas gaztetxearen husteagatik lau sakandar epaituko dituzte

Guaixe 2019ko urr. 17a, 09:35
Auzipetuei elkartasuna adierazi eta epaiketa salatzeko egindako manifestazioa.

Epaiketa salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa eginen da gaur, 19:00etan.

Iruñeko Alde Zaharreko Nabarreria auzoan dago Rozalejo markesaren jauregia. Eraikina gaztetxe bihurtu zuten okupazio bidez 2017an. Maravillas izena hartu zuen gaztetxeak eta bitan hustu zuten Nafarroako Gobernuaren aginduz. Aurreneko hustea joan den urteko agorrilaren 17an izan zen eta, horregatik, 22 pertsona daude auzipetuta, haien artean lau sakandar daude. Epaiketa maiatzaren 9an egitekoa zen, baina Nafarroako Gobernuak erantzukizun zibileko txosten berria aurkeztu zuen azken unean, gaztetxearen huste operazioagatik (foruzainen hedapena eta eraikineko txikizioak) 37.750 euro eskatzen die auzipetuei. Defentsak babesgabetasuna argudiatu eta hura aztertzeko beta eskatu zuenez, azkenik, gaur eginen da epaiketa.

Iruñeko 4. zenbakidun Instrukzio Epaitegian 10:00etan da hitzordua. 22 auzipetuei usurpazio delitu arina leporatu diete. Auzipetuak 3.000 euro inguruko isunari jaso dezakete. Guztiena batuta 74.000 euroko isuna litzateke. Haien defentsek argudiatzen dute eraikinean izandako kalteak foruzainek eragin zituztela. Gainera, pasa den hilabetean eraikinera sartzeko aukera izan zuten eta epaiketan haren inguruko txostena ere aurkeztu dute, gobernuarenari kontra egin asmoz. 

Maravillas gaztetxea ilbeltzaren 8am hustu zuten. Horregatik, protesta egiteko errepide mozketa transfeminista egin zen, eta hiru gazte sakandarrek Mozal Legearen aplikazioagatik isunak jaso ditzakete. Udaberrian zehar makina bat elkartasun ekintza egin dira etor litezkeen isunei aurre egiteko dirua biltzeko eta epaiketa bera salatzeko. Gaztetxeen defentsa egin, auzipetuei elkartasuna adierazteko Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa deituta dago gaur, 19:00etan. Gaztetxeak defendatzen jarraituko dugu! Maravillas herriarendako! leloa izanen du elkarretaratzeak. Epaiketara sartu aurretik, 09:30ean, Iruñeko epaitegien parean kontzentrazioa egiten ari dira.