Boxeoa

Boxeo eta K-1 gaualdia ostiralean Altsasun

Guaixe 2019ko urr. 17a, 16:26

Aurretik antolatutako borrokaldi bat.

Bihar, ostiralean, 20:00etatik aurrera Burunda pilotalekua ringean bilakatuko da

Sakanan boxeoarekiko eta arte martzialekiko zaletasun handia dago. Zaletasun horri erantzunez, Kanku Gym gimnasioak, Altsasuko Udalaren eta Nafarroako Kickboxing eta Boxeo Federazioaren laguntzarekin, K-1 eta Boxeo gaualdia antolatu dute biharr, urriaren 18an, ostiralean, 20:00etatik aurrera Altsasuko Burunda pilotalekuan. Azken urteetan Altsasuko ferietako ostiralean boxeo gaualdia antolatu izan da, eta, gutxika, klasiko bat ari da bilakatzen. Horrela, beste behin Burundak ring itxura hartuko du, eta boxeo eta K-1 borroka eta erakustaldiekin gozatu ederra hartuko dute boxeo zaleek.  

K-1 borroka kirola edo kirol diziplina da. 1993 urtean Kazuyoshi Ishiik sortu zuen, Tokion. K-1 kirolak kickboxinga eta beste kirol eta arte martzialetatik datozen teknikak –Muay Thai, karate, taekwondo, kickboxing, savate, boxeoa eta beste– uztartzen ditu. Boxeoa bezalakoa da, baina hankak erabiltzen dira. Hankak buruan, gorputzean eta hanketan erabili daitezke. 

Boxeolari ugari
Hainbat borrokalari igoko dira Altsasuko ringera. Victor Marsalek, Joseba Diazek eta Unai Arroyok erakustaldia eginen dute, eta ondoko konbateak aurreikusi dira: Jorge Pueyo Moha Afitouren kontra, Jon Cardesnas Aitor Lopezen kontra, Iñaki Orradre Marouane Aiten kontra, Izan Ibiriku Jordi Querolen kontra eta Iker Azparren Mousinen kontra. Horretaz gain, Nafarroako K-1 Txapelketaren barruan Edgar Teixeirak Gorka Pardo izango du aurkari, eta lehenengoz emakumezkoen konbatea izango da: Ana Smith Iratiren kontra ariko da.