Aizkora

Euskal Herriko 2. Mailako Txapelketa Altsasun erabakiko da

Guaixe 2019ko urr. 18a, 14:02

Larunbatean, urriaren 19an, final handia hartuko du Altsasuko Burunda pilotalekuak, 18:00etan. Etxarri Aranazko kanporaketan sailkatutako sei aizkolariek txapela dute jokoan. San Ferminetako Trontza Txapelketako errebantxa ere jokatuko da

Altsasuko feriak ekitaldiz beteta datoz. Eta aizkorak badu bere txokoa. Euskal Herriko 2. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da bihar, larunbatean, 18:00etan Burunda pilotalekuan. Etxarriko ferietan jokatutako kanporaketan sailkatutako lehen sei aizkolariek lortu zuten finalerako txartela: Juan Jose Lopez Azpilikuetak, Jon Irazuk, Aratz Mugerzak, Jose Antonio Etxeberriak, Eloy Corcherok eta Arkaitz Jauregik. 

Iban Resano dorrobarra Euskal Herriko 2. Mailako kanporaketan aritu zen, Etxarri Aranatzen, baina 11.a sailkatu zen eta ez zuen finalerako txartela lortu. Baina finalean ariko diren artean Eloy Corchero eta Arkaitz Jauregi arabarrak daude, Sakanako Aizkora Eskolan trebatu zirenak eta Sakanan bizi direnak. 

Bihar erabakiko da nor den txapelduna. Etxarri Aranazko kanporaketako irabazlea, Lopez Azpilikueta dago faboritoen artean; Lezaungoa lehen mailatik jaitsi berria da, oraindik sasoiari eusten dio eta denboraldi bikaina egiten ari da. Baina gainontzekoak gertu izango ditu; hortaz, ikusmina handia da. 

Egurrak, Urbasakoak
Finalean, ondoko lana egin beharko dute aizkolariek: sei pago-enbor erdibitu, bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak). Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu du txapelketa, baina Sakanan eta Nafarroako txoko askotan antolatzen diren aizkora erakustaldi, jaialdi eta txapelketetan bezala, Jesus Mari Arza ari da arduratzen prestaketa lanez. Lakuntzan bizi den iturmendiarrak azaldu digunez, egurrak Urbasakoak dira eta aurki hasiko dira prestatzen. Egur ona ote den galdetuta, ondokoa esan digu. “Egur ona dirudi, baina larunbateko finalean ikusi beharko da. Galtzen duenak ziur txarra dela esango duela, baina (kar kar...) ez dakit, larunbatean ikusiko dugu”. Arzak gaineratu duenez, atzo hasi ziren guztia prestatzen eta gaur, ostiralarekin, egur guztiak prestatzez bukatzea espero dute. 

Hasteko, San Ferminetako Trontza Txapelketako errebantxa
Aizkolariak berotzen diren bitartean, eta jaialdia borobiltzeko, San Ferminetako Trontza Txapelketako errebantxa jokatuko dute hiru bikotek. Jon Irigoien (Aniz) eta Iraitz Iturralde (Zozaia) bikote txapelduna ariko da batetik; Iñigo Aritza ikastolako Adur Irigoien (Altsasu) eta Inhar Olabide (Altsasu) Nafarroako txapeldunordeak, bestetik; eta Peio Altzelai (Etxarri Aranatz) eta Adur Lizarraga (Etxarri Aranatz) Andra Mari ikastolako bikotea hirugarrenik. Enborrari 10 epai edo mozketa egin beharko dizkiote.