Pentsio duinen aldeko aldarrikapen gehiago aurreikusi dituzte

Guaixe 2019ko urr. 20a, 13:11

Cadizko eta Bilboko pentsio duinen aldeko martxak Madrilen bat egin zutela eta kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxearen atean asteazkenean. Sakanako pentsiodunen eta adinduen koordinakundeak deituta astelehenean, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa eginen da.

Sakanako pentsiodunen eta adinduen koordinakundeko kideek jakinarazi dutenez, ilbeltza bitartean mobilizazio jendetsuak antolatzea espero du mugimenduak. Jakinarazpena Altsasuko udaletxearen atean egindako kontzentrazioan egin zuten, estatuan pentsio duinen aldeko mobilizazio ugari egin ziren egun berean. “Miseriazko pentsioek ez digute bizitzen uzten. Botikak hartu edo jatearen artean aukeratu behar dugu, berogailua piztu edo zerbait jatearen artean”. Horregatik, Nafarroako Gobernuari exijitu zioten egungo pentsioak gutxienez 1.080 eurora arte osatu ditzala. “Eskumena eta dirua baditu”. 

Egoeraren argazki iluna egin zuten: 2,5 milioi pentsiodunek 650 euro edo gutxiago kobratzen dituzte, asko dira zahartzaro eta baliaezintasuneko nahitaezko sorospena jasotzen dutenak, Lan Erreformak gazteak eta ez hain gazteak esklabo bihurtu ditu, milaka dira bere dependentzia gradua zein den jakin gabe hiltzen diren adinduak, etxegabetzeak edo pobreziagatik gaizki elikatutako haurrak”. Eskubideen defentsan irmo segituko dutela nabarmendu zuten.