Espainiako Auzitegi Gorenak 50 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorrak jarri zizkien Altsasuko auziko zortzi auzipetuendako. Asteartean hiru urte bete ziren “gertaera triste haietaz, sekula gertatu behar ez zutenak”. Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak auzipetuei ezarritako zigorrak “neurrigabeak” direla ziurtatu du. “Neurrigabekotasun hori epai-prozesu guztian izan da, gertakariak terrorismo gisa kalifikatzean, ikertzean, auziperatzean eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigorrean. Neurrigabekotasuna ere behin behineko espetxeratzearekin agerian gelditu da”.
Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak berretsi du auzia Nafarroako Lurralde Auzitegiak ikertu eta epaitu beharko lituzkeela, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalak. “Hari epaitzeko eskumena Espainiako Auzitegi Gorenak eman zion, gertakariak ustezko terrorismo delitua izateagatik. Gero epaitegiek baztertu duten delitua. Beraz, epaile naturalaren eskubidearen ukapena izan da” Altsasuko auzian. Aldi berean, udalak “neurrigabeko zigorrak jartzeko politikaren eta hedabideen presioa” salatu du. “Presio horrek eragin zuen gertakariak terrorismo delitu gisa kalifikatzea eta auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku gelditzea”.
Onartutako adierazpenaren bitartez Altsasuko Udalak bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egiteko “gogo irmoa” adierazi du eta altsasuarrei “bide horretan segitzeko deia” egin die. Aldi berean, “auziaren epai- eta hedabide-tratamenduaren aurrean herritarrek izandako jarrera zibiko sendoa” aitortu du udalak.