Altsasuarrak 25 urtez eraman du zezensuzkoa herriko festetan, ferietan eta inauterietan. Erreleboa hartuko du bere lehengusuak.
1. Noiz hasi zinen zezensuzkoa eramaten?
1995. urtean hasi nintzen. 17 urte nituen. Nire aita, Luis Comin, Altsasuko udaltzain bezala hasi zenetik 1980ko hamarkadaren hasieran hasi nintzen berarekin ateratzen. Gero erreleboa hartu nion. Dagoeneko erreleboa badago, eta uziko dut.
2. Nondik datorkizu zaletasuna?
Nik uste familiatik datorrela. Nire gurasoak Aragoikoak dira eta bertan suaren eta suzirien zaletasun handia dute. Beraz, odolean daramat, genetikoa da. Betidanik gustatu izan zait.
3. Nolakoa izan zen eraman zenuen lehenengo aldia?
Oso-oso nekatuta bukatu nuen. Pasada handia izan zen. Baina nekea alde batera utzita, oso ongi pasatu nuen. Lehenengo aldia zenez bakarrik aurrera joan nintzen eta hasieran pixka bat zaila egin zitzaidan. Distantziak-eta kalkulatzen ikastea kostatzen da, baina jendearen erantzuna ikusteak merezi izan zuen. 25 urtez jarraitu dut, beraz, asko disfrutatu nuen.
4. Urteekin zezensuzkoa aldatu da?
Bai. Udaletxean oraindik gordetzen da zezensuzko zaharra, baina oso nekeza zen. 30 kilo baino gehiago ziren. Orduan, beste bat askoz arinagoa egitea erabaki genuen. Oraingoak kargarekin gehienez 20 kilo pisatzen du. Herriko zurgin batek egin zuen eta desmuntagarria da. Izan ere, zaharra pitzatu zen eta konpontzeko gainetik egurrezko xaflab at jarri behar izan genion, eta horrekin pisutsuagoa egin zen. Beraz, desmuntagarria egin genuen eta zerbait apurtzen denean, desmuntatzen da, konpontzen da eta listo.
5. Zer behar da zezensuzkoa eramateko? Titulurik behar da?
Gorputza buzo batekin estali behar da eta erredurak ekiditeko urarekin busti. Zezensuzkoak kuxinak ditu kolpe handia ez hartzeko, berria egin genuenean jarri genizkion ere. Fisikoki pixka bat indartsu egotea gomendagarria da. Baina, egia esan, nik ez dut kirol asko egiten. Piroteknietan istripu asko egon ziren eta lege berri bat egin behar izan zuten. Gauza oso politak zituzten piroteknietan, baina gero azterketak egin zituzten eta isunetan diru asko irabazi zuen estatuak. Orduan, legeak dio 10 kilo bolbora baino gehiago eramateko titulua behar dela. Altsasuko zezensuzkoaren karga gehienez 2 kilokoa da, beraz, guk ez dugu zertan titulu hori izan. Hla ere, aldatu da guk orain ezin baitugu karga hartzera joan; pirotekniako langileek ekarri behar dute karga ibilgailu berezi batean. Lehen paketeria enpersa batek ekartzen zuen, eta orain ezin da.
6. 25 urtez herriko festetan eta ferietan zezensuzkoa eraman duzu. Sakrifizioa izan da?
Modu honetan pixka bat zaindu naiz ere. Ez nion garrantzia handirik eman. Parranda gauez egiten nuen, eta arratsaldean gehiago kontrolatzen nintzen. Oso ongi pasatzen nuen. Gainera, jendea disfrutatzen ikustean merezi zuen: zoriontasun aurpegiak, izu aurpegiak... momentu bereziak ziren.
7. Altsasun bakarrik eraman duzu?
Festetan, ferietan eta, azken urteetan, inauterietan, igandean eta asteartean. Urdiainen ere eraman dut eta duela gutxi Urdiainen bizi den zegamar batek esan zigun Zegamako auzo batean festak antolatuko zituztela eta ea nahi genuen zezensuzkoa eraman. Han egon ginen. Seguruenik datorren urtean joango gara ere, nik ez dut eramango, baina egongo gara.
8. Ibilbide jakin bat egiten zenuen?
Hasi nintzenean gutxi gora behera libre zen. Plazan egotea gustatzen zitzaidan, baina Zubeztia plazara joan nintekeen ere. Behin, ferietan, haizete handia zegoen eta mozkorrak deitutako suziri batzuek, zintzilikatuta eramaten diren horiek, hainbat erredura sortu zituzten. Ordutik horiek ez dira hartzen.
9. Zergatik uzten duzu?
Geroz eta gehiago kostatzen zait. Urteek ez dute barkatzen. Erreleboa dagoenez uztea erabaki dut. Nire lehengusua nirekin aritu da bi urte, eta hemendik aurrera berak eramango du , lagun baten laguntzarekin. Igandean, ferietan, ikusiko dute nortzuk diren zezensuzko eramaile berriak. Garrantzitsua da bi pertsona egotea erreferentzia puntu bat izateko: nondik eta nola zoazen jakiteko, indarra erregulatzen joateko... Urteekin ikasten da.
10. Zezensuzkoa eramateko aholkuak?
Batik bat haurrekin arreta handia izatea. Izan ere, hanketatik sartzen dira, eta zer egiten duzu? Gero, hemen zortea izan dugu ez ditugulako arazorik izan, baina izan ohi dira zezensuzkoa bultzatzen dituzten inozoak. Hemen pare bat aldiz ukitu dute, baina zorte handia izan dugu.
11. Nolakoa izan zen zure azken zezensuzkoa?
Oso bizia. Oroitzapen asko ditut. Ez dut uste noizbait berriz hartuko dudanik, ez dut iritziz erraz aldatzen. Baina berriz jaioko banintz, esperientzia errepikatuko nuke, dudarik gabe. Ferietan izango da lehenengo aldia ez dudala eramango, eta eramaile berriekin egongo naiz, egon behar naiz, baina faltan botako dut.