"Literatura ez da bizitza erreala, baina zaila da fikziotik desberdintzea"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko urr. 21a, 12:50
Elena Aristorena Altsasuko liburuzaina, Itziar Perez kazetaria eta Angel Perez idazlea aurkezpenean. NEREA ARGOMANIZ

Angel Perez Miguelek 'Morir para contarla' liburua aurkeztu zuen ostiralean, urriaren 18an, Iortia kultur gunean. Altsasuarraren lehenengo eleberria da; nobela "oso literarioa"

Angel Perez Miguel Altsasuko idazlearen lehenengo eleberria da Morir para contarla liburua. Aspaldi buruan zuen istorioa, duela bi urte paperera eraman zuena. Ostiralean, urriaren 18an, liburua aurkeztu zuen. Aurkezpena Itziar Perez Argomaniz kazetariak egin zuen.

Zure lehenengo nobela da?
Bai, lehenengo nobela da. Lehen ipuinak, kontaketak edo istorio laburrak idazten nituen. Orain duela hamar urte Haize Berriak Bandaren eguberri kontzerturako ipuin bat idatzi nuen eta Iortia kultur gunean egindako bi kontzertuetan ahotsa jarri nuen ere. Baina nobela bat beste gauza bat da.

Argitaratzen duzun lehenengo liburua da?
Oso gutxi argitaratu dut, baina hau ez da lehendabizikoa. Gazte nintzenean, batez ere Salamancako unibertsitatean ikasle nintzela, duela urte asko, aldizkari literario batzuetan eta hango egunkarietan poemaren bat eta ipuin batzuk argitaratu nituen. 1993an Nafarroa Oinez Altsasun ospatu zen, eta horren harira Rafael Karasatorre etxarriarrarekin Burunda topaleku liburua idatzi genuen. Iñigo Aritza ikastolak argitaratu zuen. 

Zer kontatzen du?
Morir para contarla matematika irakasle den Pablo Vizanen bizitza kontatzen du: gertaera batzuk, bere bizitzaren gorabeherak eta maitasun harremanak. Baina noizbait maitemindu zituen bost emakumeen ikuspuntutik kontatzen da istorioa. Bostetako bakoitzak berarekin izandako harremana kontatzen dute: nola ezagutu ziren, zergatik utzi zituzten harremanak, haiendako izan duten garrantzia... Ezusteko iristen den posta elektroniko batek eta  hasieran jasotzen duten gonbidapen arraro batek, amaiera harrigarrian soilik azaleratzen den suspensea, logikoa denez, mantentzen da. Eleberrian adiskidetasuna, literatura eta misterioa daude, kontraesanez eta ezusteez betetako bizitzarako kantu bat da. 

Zertan inspiratu zara?
Nire ustez literatura ez da bizitza erreala, baina askotan haien arteko desberdintasuna argitzea oso zaila da. Orduan, abiapuntua errealitatea da. Istorio arraro, misteriotsu edo alegiazkoena ere errealitatean inspiratuta dago. Horrek ez du eleberri honek errealista denik esan nahi. Ez du errealitatea deskribatzen, interpretatzen edo birlantzen du. 

Autobiografikoa da?
Esan bezala, literatura, eta nobela bereziki, beti da autobiografikoa. Flauberte idazle frantziar ospetsuak, Madame Bovary nobelaren egileak, Emma Bovary errealitatean nor zen galdetzeaz eta idazle idealistegia zela salatzeaz nekatuta, "Madame Bovary c'est moi" ("Madame Bovary ni naiz") erantzun zuen. Nik kontrakoa erantuzten dut: Ni ez naiz Pablo Vizan. Nire bizitzaren pasadizo batzuk utzi dizkiot, nik ezagututako giroetan mugitu da, lagunen bat komunean dugu eta abar. Baina zorionez, ni ez naiz Pablo Vizan. 

Nortzuk dira pertsonaiak?
Protagonista Pablo Vizan matematikako irakaslea da. Ines, Ana, Irene, Laura eta Angela emakumeak dira narratzaileak. Manuel, Pabloren lagun mina ere, oso garrantzitsua da eleberrian. Nik uste benetako protagonista belaunaldi bat dela, Franco hilzorian zegoen bitartean heldutasunera iritsi zen belaunaldi hori, hain zuzen. 

Quevedo-ren testuak daude testuen arteko haria bezala. Zergatik Quevedo? Zer harremana du istorioarekin?
Gaztelaniaz idatzitako poesian oso ospetsuak diren bi maitasunezko soneto daude. Alde batetik, Lope de Vegarena bertso ezagun batekin amaitzen dena: "Hau da maitasuna, probatu duenak badaki". Eta, besetik, Maitasuna definitzen Quevedorena. Eleberriaren bost historietako izenburua narratzaile bakoitzaren izena da, eta azpitituluetan Quevedoren bertso bat dauka:esaterako, Mina egiten duen eta sentitzen ez den zauria da, Ines; Ausarta izena duen koldarra, Irene. Bertsoek Pablo Vizanekin maitemindu duen erlazioarekin zer ikusia dute.

Zenbat denbora egon zara nobela idazten?
Urte asko daramatzat nola idatzi pentsatzen, baina idazte urte bete besterik ez. Argitaratu nahi nuela hasieratik oso argi nuen. 

Morir para contarla zure lehenengo liburua da. Istorio gehiago publikatuko dituzu?
Eleberri hau 2017an amaitu nuen. Ondoren, nire sorterriaren mintzamenari buruzko ikerketa bat egin nuen, amaituta dago eta argitaratzeko prestatuta dago. Orain, bigarren eleberrian lanean nabil, argumentua pentsatuta daukat eta lehen zirriborroa idazten hasi naiz. 

Nola deskribatuko zenuke zure estiloa?
Nire estiloa deskribatzea ezinezkoa egiten zait. Saiatuko naiz: Morir para contarla oso eleberri literarioa da, baina aldi berean edozein irakurlerendako ulerterraza; serioa, baina umoretsua. Literaturan forma da garrantzitsuena, beraz, eraginkortasuna lortu  nahi baduzu, derrigorrez forma zaindu behar duzu. Hori ahalegintzen naiz nire eleberrietan. 

Zeintzuk dira zure idazle eta nobela gogokoenak?
Niretako idazle onena Jorge Luis Borges argentinarra da, baina istorioen kontalari onena Gabriel Garcia Marquez da. Eleberririk onena, agian, Isiltasun garaia. Duela gutxi Ray Lorigaren Errendizioa eta Hector Abad Facionlince kolonbiarraren Ezkutatuta (La oculta) irakurri ditut eta asko gustatu zaizkit biak. 

Irakurtzeko zer estilotako liburuak nahiago dituzu?
Klasikoek zioten ideala gozarazten erakustea dela. Bada, hori. Niri gustatzen zaidan literatura atsegin emanez erakusten duena da. Baina ezer baino lehen ondo idatzita egon behar da.