Atletismoa

270 partaide Onddo Lasterketan

Guaixe 2019ko urr. 21a, 15:11

40. Eskolarteko Ferietako Krosean probaren hasierako antolatzaileei, orduko korrikalariei eta egungo partaideei errekonozimendua egin zitzaien

Larunbat goizerako euria iragartzen zuten eta Altsasuko ferietako Onddo Lasterketa bustia izango zela aurreikusten zen, baina inondik inora. Zerua argi-argi zela, 270 partaidek hartu zuten parte Dantzaleku Sakana taldeak hainbat babeslerekin antolatutako Onddo Lasterketa proba herrikoi eta ez lehiakorrean. Oinez edo korrika, Basoitxin, San Pedron eta inguruneko paraje zoragarrietan 6,5 kilometroko buelta egin zuten korrikalari eta oinezkoek. Bukaeran, hiru onddo saski zozketatu ziren parte-hartzaileen artean eta Silvano Martinez, Raquel Alvarejo eta Esteban Zornoza izan ziren saridunak. 

Ondoren, eguerdian, 40. Altsasuko Eskolarteko Ferietako Krosa jokatu zen. Urteurren borobila zenez, antolakuntzak proba lehenengoz antolatu zuten Carlos Macho -garaiko Navarro Villoslada eskolako irakaslea–, Peio Vergara -eskolarteko kirolen koordinatzailea– eta Daniel Ziordia zena –garaiko atletismo monitorea– omendu zituen, eta haiekin batera, lehen edizio hartan parte hartu zuten korrikalariak, Jose Crespo eta Silvi Zulet, beti bere laguntza eman dutenak eta baita aurtengo edizioan parte hartu zuten 60 neska mutikoak. Guztiei aurreskua eta koreografia berezia eskaini zieten Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako zenbait kidek. Aipatzekoa da Miren Zelaia altsasuarra ekitaldira hurbildu zela, duela 40 urte Eskolarteko Ferietako Kroseko lehen edizioan jaso zuen trofeoa eskutan zuela. Eguneko pasadizoa izan zen. 

Onddo Lasterketan eta 40. Altsasuko Eskolarteko Ferietako Krosean Josefina Arregi Klinikaren Lagunen aldeko diru bilketa egin zen. Horrela, 14 urtetik gorako korrikalari eta oinezkoek 5 euroko dohaintza egin zuten.