Saskibaloia

CBASK-Jatormanek tanto eskas batengatik galdu egin zuen San Cernin liderraren kontra

Guaixe 2019ko urr. 23a, 10:19

Asteburuan jardunaldi bikoitza izango du Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan dabilen talde altsasuarrak: larunbatean Aranguren Mutilbasket hartuko du eta igandean Larraona A

Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako 3. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Liga horretan Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen dira, tartean Altsasuko CBASK-Jatorman taldea. San Cernin liderraren kontra jokatu zuen Altsasuko taldeak larunbatean Iruñean, eta bi taldeek sekulako partida eskaini zuten, partida lehiatua eta emozio handikoa. Bietako edonor izan ahal zen garaile, baina, azkenean, San Cerninek irabazi zuen bozina gainean zuela, 64 eta 63, soilik saskiratze baten aldearengatik. 

Horrela, Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako lidergoari eutsi dio San Cerninek (6 puntu). CBASK-Jatorman 13.a da (2 puntu). 

Asteburuan jardunaldi bikoitza du Altsasuko saskibaloi taldeak. Batetik, 4. jardunaldia izanen du jokoan larunbatean etxean, Zelandin. CBASK-Jatormanek sailkapenean hirugarrena den Aranguren Mutilbasket taldea hartuko du, 18:00etan. Eta hurrengo egunean, igandean, 2. jardunaldiko partida jokatuko du CBASK-Jatormanek, orduan atzeratutakoa, sailkapenean 14.a eta arerio zuzena den Larraona A taldearen kontra. Altsasun jokatuko da partida, Zelandin, 12:00etan. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoan CBASK-IFUELek Ega Perfil Oncineda hartuko du
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan, jokatu behar zuen partida atzeratu egin zuen CBASK-IFUEL taldeak. Cendea de Galarren kontra aritzekoa zen Altsasuko taldea, baina 3. jardunaldiko partida hau 2020ko ilbeltzaren 4ra atzeratzea adostu zuten bi taldeek. Egun, Liceo Monjardin A da liderra (5 puntu) eta CBASK-IFUEL 7.a da (2 puntu). Asteburu honetan 4. jardunaldia dago jokoan eta CBASK-IFUEL taldeak sailkapenean bigarrena den Ega Perfil Oncineda hartuko du larunbatean, 16:00etan, Zelandin. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailari garaipen potoloarekin ekin dio CBASKek
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako liga asteburu honetan hasi zen. 5. multzoan ekin zion ligari Altsasuko CBASK taldeak, eta modu ikusgarrian, altsasuarrek 8 eta 83 hartu baitzituzten mendean Valle de Eguesekoak. Horrela, lider da CBASK (2 puntu). Larunbatean CBASK-ek sailkapenean bigarrena den Liceo Monjardin taldea hartuko du Zelandin, goizeko 10:50ean hasiko den partidan.