Biak Bat elkarteak lagundutako hiru programei eusteko eskaera egin du

Guaixe 2019ko urr. 23a, 18:50

Iosu Mendez, Unai Hualde eta Josune Azpiroz. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Eskaera hori, eta programak zabaltzearena, egin diote elkartekideek Nafarroako Parlamentuko presidenteari.

Hiru altsasuarren arteko erakunde bilera izan da gaur. Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek Biak Bat elkarteko Josune Azpiroz eta Iosu Mendez hartu ditu. Pertsonen bizi kalitatea animaliek lagundutako esku-hartzeekin hobetzea da elkarte horren lanaren oinarria. Azpirozek azaldu duenez, parlamentuko presidentearengana jo dute “erakunde babes” eske, “gaur egun diruz-lagundutako hiru programa mantentzeko eta, ahal den heinean, lurraldean gehiago zabaltzeko”. 

Hiru egitasmo horien bidez Biak Bat elkarteko kideek hiru esparrutan aritzen dira lanean: funtzio aniztasuna duten adin txikikoekin, genero indarkeria egoerak bizi izan dituztenekin eta asistentzia txakurren irisgarritasun publikoaren kontzientzia zabaltzen. Elkartekideek, bestalde, Hualderi eskatu diote “Nafarroan animaliek lagundutako esku-hartzeak aztertzeko”, horrekin zerikusia duen guztia arautu ahal izateko, “batez ere animaliaren ongizateari begira”. Eta Nafarroan asistentzia txakurrek eta animaliek lagundutako esku-hartzearen arloan dauden behar eta eskaera oinarrizkoak zein diren jakinarazi dizkiote. 

Hualdek, bestalde, asistentzia txakurrek eta animaliek lagundutako esku-hartzearen arloan dauden behar eta eskaera oinarrizkoak Eskubide Sozialetako Batzordeari helarazi dizkiola hitzeman du, eta Azpirozi eta Mendezi aipatu batzordeko kideei jakinaraztea proposatu die.  

Biak Bat
Altsasun 2011. urtean jaio zen irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Animaliek lagundutako esku-hartzeak erdigune izanda, behar psikosozialak asetzeko proiektu sozial berritzaile gisa sortua.