Josefina Arregi klinikaren 25. urteurrena

Lagunen elkartetik klinikari hauspoa ematen

Guaixe 2019ko urr. 26a, 10:11
Josefina Arregi klinikako lagunen elkarteak bazkideak lortzeko jarritako postu bat.

2011z geroztik Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoari laguntza ematen dion elkarteak eraikinaren mantendu lanetan eta finantza iturriak lortzen aritzen da.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren estatutuak betetzen direla eta aurrera egiten duela ziurtatzen duen patronatu bat dago. Senide batek, Altsasuko alkateak eta Sakanako Mankomunitateko presidenteak eta mediku batzuk osatzen dute patronatua. “Enpresak (Arfe eta Ufesa) bizirik zeuden bitartean klinikan sortzen ziren zuloak estaltzen zituzten”. Finantza arloak sortutako 2008ko krisiak Arferen itxiera ekarri zuen, Nafarroako Gobernuak diru-iturria itxi zuen eta testu inguru horretan sortu zen Klinikako Lagunen Elkartea (KLE), 2011 eta 2012 urteen artean. 

Elkarteak bere buruari egiteko helburu jarri zizkion. Aurrena, klinikaren helburuekin eta jardunarekin zerikusia dutenak bulkatzea, sustatzea, laguntzea eta babestea. Horretarako, elkarteak egoki jotzen dituen jarduerak eginen ditu, zuzenean edo zeharka. Hala, hezkuntza arloan klinikaren historia, helburuak, xedea eta beste ezagutzera ematea, kliniken lorpenei, premiei, proiektuei eta abarri oihartzun handiagoa ematea, klinikaren zerbitzu osagarrien hornikuntzan eta antolakuntzan laguntzea eta klinika laguntzeko edozein motako publikazioak egitea. Guztia, jakina, patronatuarekin koordinazioan.

Gehiago
“Feliperen iturria itxi zenean klinika gainbehera egin zuela ikusi genuen. Batez ere egoera fisikoa. Erabaki genuen talde bat sortu eta mantentze lanetan hasi ginen. Konponketa edo margotze lanak, lorategia zaintzen”. Paniaguak hala gogoratu ditu elkartekideen egitekoak hasieran. “Baina gero diru-iturriak ere sortu behar zirela ikusi genuen”. Eta klinikarendako dirua lortzeko “ordezkari lanetan” ere ibiltzen dira. Paniaguak azaldu digunez, horretarako bi gauza egiten dituzte: “gure elkartearendako bazkideak lortzeko lana. Normalean norbanakoak izaten dira. Bakoitzak ahal duena ematen du. Batzuetan enpresekin harremanetan jartzen gara. Klinikarekin harremanetan jartzen ditugu, zerga-onurak eta halakoak enpresen artean errazago kudeatzen direlako”. 

Aurrera begira KLEkoen kezketako bat da Nafarroako Gobernuaren hitzarmenarekin zer gertatuko den. Antza, Osasunbideak eredu hori aldatu eta lehiaketa publikoak deituko ditu. “Edozein enpresa aurkeztu daiteke horietara. Langileei beste erkidego bateko soldatak pagatu eta proposamen merkeagoak egin ditzakete. Klinikaren indarguneetako bat baita duen langile kopurua. Horrek ekarri du erreferentziazkoa izatea”, azaldu digu Paniaguak. Eta osasun egoitza hazteko ideia horrekin, KLEko kideek ez lukete gaizki ikusiko Sakanako udalek eta klinikak hitzarmena sinatzea eta ondorioz, esaterako, eguneko zentroa zabaltzea, “gaur egun itxaron zerrenda baitu”. 

Joseba Arregi patronoak KLE-k “urte hauetan egindako lana eskertzekoa eta azpimarratzekoa” dela aitortu du. “Oso inportantea izan da. Ekonomia-babesa, klinikaren ikusgaitasuna zabaldu eta auzolanaren bitartez egindako klinikaren mantenua”. 

KLEk gaur egun 500 bazkide ditu. Bakoitzak nahi duen kopurua ematen du urtean: hasi 12 eurotatik eta nahi den kopurura arte. Bazkide egin nahi duenak amigosjosefinaarreguilagunak@gmail.com e-postara mezua idatzi dezake. Igandeko kontzertuan izanen da bazkide egiteko aukera ere. Elkartearen berri izan nahi duenak, berriz, elkartearen blogaren edo Facebook sare sozialeko profilaren bidez jaso dezake. Eta bata edo bestea erabili daiteke klinikaren mantentze lanetarako egiten diren auzolanetan izena emateko.