Enrike Zelaia eta Maia San Miguel Josefina Arregi klinikan jotzen. ARTXIBOA

Josefina Arregi klinikaren 25 urteurrena ospatzeko kontzertu berezia eginen dute igandean, 11:30ean, Altsasuko Burunda frontoian. Sakana osoko musikariak eta dantzariak bildu dituzte

Sakanako hamaika talde ospatu nahi izan dute, elkarrekin, Josefina Arregi klinikaren mende laurdena eta igandean, 11:30ean, Altsasuko Burunda frontoian ikuskizun handi bat eskaintzeko bilduko dira. Erkudengo Ama abesbatza, Etxarri Aranazko abesbatza, Altsasuko Udal Txistulariak, Burundar Txistulariak taldea, Haize Berriak Banda, Trasteando taldea, Iñigo eta Imanol Goikoetxea Gozategi taldeko kideak, Los del Rayo taldea, Etorkizuna dantza taldea, Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako ikasleak eta Enrike Zelaia akordeoilaria osatu dute ikuskizunaren kartela. Guztira, 300 parte hartzaile egonen dira agertoki bihurtuko den frontoiko pista. Gainera, nahiz eta agendagatik igandean ezingo diren egon, Irurtzungo abesbatzak eta Pello Reparaz eta El Drogas musikariek elkartasuna adierazi dute ere. Maitasuna ahaztura baina indartsuagoa da ikuskizunaren izenburua. 

25 urtetako lana aurrera eramatea ez zen posible izango hainbat pertsona, elkarte eta organismoen laguntzarik gabe, eta horietako bat Josefina Arregi klinikaren Lagunak elkartea da. Hortaz, elkartearekin mende laurdena ospatzeko klinika eta elkartea elkarrekin hainbat ekimen antolatu dituzte, igandean kontzertuarekin mustuko dutena.  Maitasuna ahaztura baina indartsuagoa da ikuskizunerako sarrera Iortia kultur gunean eta Josefina Arregi klinikan eros daitezke, baita igandean, 10:30etik aurrera, frontoiko txarteldegian ere. 

Hamaika talde eta 330 artista ariko dira igandean frontoian eginen den ikuskizunean. Hortaz, "luzeegia" ez egiteko talde bakoitzak 10 minutuko emanalditxoa egingo du, Patxi Goikoetxea Josefina Arregi klinikaren Lagunak elkarteko kideak azaldu bezala. Gainera, zenbait talde elkarrekin ariko dira ere. 

Abesti berezia
Mustutze berezia izanen da kontzertuan. Los del Rayo taldeko kide den Peio Diaz musikariak sortutako abestia lehenengo aldiz interpretatuok dute. Diazen ama alzheimerrekin hil zen eta berari eskainitako kanta sortu du Los del Rayo taldearekin batera. Irantzu Gonzalez dantzariak abestiari koreografia jarri dio eta Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako gazteen taldeak dantzatuko dute. Une hunkigarriak ez dira faltako. 

Ekimenak
25 urte ez direnez urtero betetzen, azaroaren 23an bigarren bazkari-omenaldi egingo dute Josefina Arregi klinika "aurrera eramaten" lagundu duten pertsonen, elkarteen eta entitateen laguntza eskertzeko. Izan ere, Angel Gardachal Ausejok, Josefina Arregi klinikako gerenteak, gogoratu duenez, "momentu txarretan, egon direla ere, modu desinteresatuan langileen eta klinika beraren euskarria izan direlako". 

Trasteando musika taldearen eta Josefina Arregi klinikaren ibilbide paraleloak izan dituzte; hortaz, Josefina Arregi duela 25 urte sortu zen eta Trasteando taldea duela 20 urte. Musika taldea helburu solidarioekin sortu zen, eta hasieratik klinikan emanaldiak egin izan ditu harreman estua sortuz. Aurten, bi entitateen urteurrenak ospatzeko, abenduan urtero Iortia kultur gunean egiten duen kontzertu solidarioa Josefina Arregi klinikari eskainiko diote. Kontzertu berezia izango da, izan ere, disko berria aurkeztuko dute: Ahazten ez diren abestiak. Hortaz, diskoa ere klinikari eskaini diote. Gainera, kontzertuan klinikako hainbat pazientek parte hartuko dutela aurreratu du Gardachalek. Bi ekimenen irabaziak Josefina Arregi klinikarendako izango dira.