Bi desfibriladore gehiago

Guaixe 2019ko urr. 29a, 12:07
Iortia kultur guneko desfibriladorea.

Dagoeneko halako tresnak Zelandi kiroldegian, Dantzaleku kirol gunean eta Iortia kultur gunean daude

Aurreko urteetako martxari segituz, Altsasuko Udalak urtero desfibriladoreren bat erosteko eta udal eraikin batean jartzeko asmoa zuen. Eta aurten baten faltan bi eskuratuko ditu. Haietako bat udaltzainen ibilgailuan izanen da. Izan ere, udaltzaingoa urtea despeditu aurretik bost agente gehiago izanen baititu. Beste, desfibriladorea, berriz, udaletxean jarriko da. Horrekin batera, desfibriladoerak erabiltzeko ikastaroa jasoko dute Intxostiapuntako gaztetxokoko eta Udal Musika Eskolako langile batzuk. 

Bihotza gelditzen den kasuetan larrialdi zerbitzura hots egitea da egin beharreko aurreneko gauza. Baina, haiek iritsi bitartean, tratamendu azkarra ematea ezinbestekoa da: bihotz-biriketako bizkortze oinarrizkoa egiteko maniobrak egitea eta desfibrilizazioa. Azken hori da desfibriladoreen egitekoa: elektrizitate deskarga baten bidez bihotza bere funtzionamendu egokira bueltatzeko. Trebatutako pertsonek bihotzekoa izan duten pertsonen % 75en bizitza salbatuko lukete desfibriladorea eskura izanda.