Futbola

Altsasuko neskek garaipen garrantzitsua lortu zuten Mulierren kontra

Guaixe 2019ko urr. 29a, 12:19

Emakumezkoen erregional maila. 8. jardunaldia: Altsasu 1 – Mulier 0

Aurreko asteburuan Cortesen kontra garaipen potoloa lortu eta gero, igandean Altsasuko neskek ligako talde garrantzitsuenetako bat hartu zuten, Mulier. Mulier bigarrena zen sailkapenean, lidergoa eskuratzeko aukerekin, eta, hortaz, partida oso konplikatua zen altsasuarrendako, ligako arerio konplikatuenetako baten kontrako lehia, hain zuzen. 

Altsasuko neskak konplexurik gabe atera ziren Dantzalekuko zelaira, eta parez pare ibili ziren Mulierren kontra. Partida oso lehiatuan, zortzigarren minutuan Eider Vicentek Mulierren atea zulatu zuen eta Altsasu aurreratu zuen. Mulierrekoak egoerari buelta ematen saiatu ziren, baina altsasuarrek bikain zaindu zuten euren atea eta iruindarren saiakera guztiak bertan behera utzi zituzten. Horrela, 3 puntuak Altsasun geratu ziren eta denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen Altsasuk. 

Sailkapenean Castejon da Emakumezkoen Erregional mailako liderra (21 puntu). Mulier hirugarren postura jaitsi da (18 puntu) eta Altsasu 9. postura igo da (12 puntu). Altsasuk Antsoainen jokatuko du larunbatean, 18:30ean, 12 punturekin sailkapenean 8.a den Gazte Berriak taldearen kontra. Arerio zuzenen arteko partida izango da, 8. postua baitago jokoan. Ea altsasuarren bolada onak segida duen eta jokoan dauden puntuak bereganatzen dituzten.