Saskibaloia

CBASK-Jatormanek partida bat galdu eta bestea irabazi

Guaixe 2019ko urr. 30a, 10:20

Asteburuan jardunaldi bikoitza jokatu zuen Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan dabilen talde altsasuarrak: larunbatean Aranguren Mutilbasketen kontra galdu egin zuen, eta igandean Larraonaren kontra irabazi

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan, bi partida jokatu ditu asteburu honetan CBASK-Jatorman talde altsasuarrak. Lehenik eta behin, ligako 4. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman taldeak Aranguren Mutilbasket hartu zuen larunbatean Zelandin, eta partida oso entretenigarri eta bizia eskaini zuten bi taldeek. Azkenean, Altsasuko taldeari 49 eta 58 irabazi zion Aranguren Mutilbasketek, 9 tantoren aldearekin. 

Hurrengo egunean, igandean, 2. jardunaldiko atzeratutako partida jokatu zuen CBASK-Jatormanek, Larraona A taldearen kontra. Kasu honetan arantza ateratzeko aukera izan zuten altsasuarrek, 76 eta 64 irabazi baitzioten Larraona A taldeari. 

Gauzak horrela, Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan lider berria dago, San Ignacio (8 puntu). CBASK-Jatorman 7.a da (5 puntu). Asteburuan Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako 5. jardunaldia jokatuko da. Larunbatean CBASK-Jatorman taldeak Fiora taldea hartuko du Zelandin, 18:00etan. 

Nafarroako seniorren maila autonomikoan CBASK-IFUELek Ega Perfil Oncineda hartuko du
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 4. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak Ega Perfil Oncineda Lizarrako taldea hartu zuen. Lizarrako taldea jaun eta jabe izan zen eta 53 eta 96 irabazi zion talde altsasuarrari. 

Paderborn Baskets Oberena da liderra (8 puntu) eta CBASK-IFUEL 8.a da (3 puntu), partida bat gutxiagorekin. Asteburu honetan 5. jardunaldia dago jokoan eta CBASK-IFUEL taldeak sailkapenean 7.a eta arerio zuzena den CBSA El Navarrico taldea hartuko du larunbatean, 16:00etan, Zelandin. 

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailari garaipen potoloarekin ekin dio CBASKek
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako ligako 2. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Atzera ere CBASK taldeko neskak ikusgarri aritu ziren eta 68 eta 36 irabazi zioten Liceo Monjardin E taldeari. Hain zuzen ere, CBASK taldea da lider sailkapenean (4 puntu). Hurrengo jardunaldia azaroaren 9an jokatuko dute altsasuarrek Iruñean. Cantolagua A izanen dute aurkari, 9:15ean, Iribarren Kiroldegian.