"Paisaien edertasunagatik Kirgizistan gustatu zait gehien, eta Iran munduko herrialderik abegikorrena da"

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 1a, 10:02
Karlos Lanza Arnedo Uzbejistanen. Han zendu zen Drako eta han agertu zitzaion Uzbek, txakur berria. CARLOS LANZA

Ia urte bat Europan eta Erdialdeko Asian eman du Karlos Lanza Arnedo altsasuarrak autokarabanarekin txoko eta paraje ezberdinak ezagutzen

Kirgizistanera heldu eta han mendiko gidari lanak egin zituen lau hilabetez. Bere argazki batek irabazi zuen Guaixeko Udako Oporretako argazki lehiaketa

1.Urte sabatikoa hartzea erabaki zenuen.

Finean 11 hilabete izan dira. Bidaia agentzia bat dut Agurainen. Hainbat arrazoi zirela medio geldialdi bat egin, atzerrira joan eta gauzak distantziatik, beste perspektiba batetik ikusteko beharra sentitu nuen. Guztiz erreseteatzearen beharra nuen. Agentziarako langile bat kontratatu nuen eta autokarabana hartu eta errepidean aurrera egitea erabaki nuen. 

2.Bakarrik ekin zenion urte sabatikoari?
Drako, nire txakurrarekin. Norbaitekin bazoaz hemen egongo bazina bezala erlazionatzen zara. Bakarrik joatean guztiarekin apurtzen duzu eta zure buruarekin topo egiten duzu berriz. Eta hori nahi nuen. Ez nuen plan zehatzik, eta Europarantz jo nuen: Frantzia, Italia, Grezia, Albania, Eslovenia, Croacia, Bosnia… Azaroan abiatu nintzenez, Alemania eta Polonia alde batera utzi nituen, hotza eta elurra ekiditeko. Urrutien Erdialdeko Asian dagoen Kirgizistanera iritsi nintzen. Antzinako Errusiar Batasunetik sortutako errepublika bat da. Kazajistan, Tayikistan, Uzbekistan, Kirgizistan… eta ondoren Txina dago. Antzinako zetazko ibilbidean dago, eta Kirgizistanetik Txinara sar zaitezke. Bina autoz Txinara sartzea konplikatua da: itzultzaile bat behar duzu, eta dirutza ordaindu. Horrela, Kirgizistanen geratu nintzen. Ideia bertatik buelta hartu eta gutxika Altsasurantz itzultzea zen, baina han lagun bat dut eta lanpostu bat eskaini zidaten: mendi gidari lanak egitea espainiar turistekin. Planak aldatu, hilabete batez bertako mendiak ezagutu eta gida lanetan 4 hilabete eman nituen. Irailaren bukaeran itzuli nintzen, karabana eta txakurra han utzita, bidaia agentziaren ardura hartu behar nuelako. Hilabete eskasa daramat, eta oraindik lur hartzen nago. 

3.Zure ibilbide horretan jende asko ezagutu duzu?
Jende asko ezagutu dut, baina hori ez zen nire helburua. Ni ez naiz asko erlazionatzen den horietakoa, bakarrik egotea ere gustuko dut. Autokarabanan nioanez, ez naiz hosteletan egon eta turista asko ekidin ditut, baina konturatu nintzen jende dezente zegoela nire ibilbide bera egiten, familia asko, frantziarrak eta alemaniarrak bereziki. Eta galdera berberez nekatzen zara: nora zoaz? Zenbat egunerako? Noiz itzuliko zara? Gehienbat bertako jendearekin egin izan ditut harremanak turistekin baino. Greziako iparraldean ere hilabete bat eman nuen, errefuxiatuen kanpamendu batean, eta bertan errefuxiatu asko ezagutu nituen.

4. Zeinen esperientzia gogorra, ez?
Bai, izugarria, gogorra, baina aldi berean, esperientzia polita. Greziako iparraldean, Nea Kavalako kanpamenduetan egon nintzen. Bertan dauden errefuxiatuek Grezian egoteko erresidentzia-txartela dute eta pasaportearen zain daude. Lesbosera edo irletara iritsi ondotik, bigarren fase batean daude: gaizki daude, edukiontzi hotzetan bizi dira, nahiko izorratuak, baina ez dute iristen direneko larrialdi hori. Bizitzaren inguruko lezio ugari ikasten dituzu. Errefuxiatu gehienak Siriako kurduak ziren, Alepo ingurukoak. Hara, bueltatu berri naizela AEBak Siriako Kurdistanetik joan dira eta Turkiako Erdogani ateak zabal-zabalik utzi dizkiote bertan sartu eta hura bonbaz josteko. Errefuxiatuen kanpamenduko lagun kurdu askok mezuak bidali dizkidate horren berri emateko. Errealitatera buelta gordina. 

5.Etxekoek nola bizi izan dute zure urte sabatikoa, kezkarekin?
Erdialdeko Asiako herrialdeak oso seguruak dira, nahiz eta askok kontrakoa pentsatu. Ez dira gidari onak, hori egia da, eta mendietan edo basamortuan sarritan ez dago koberturarik; horregatik zenbait egun komunikatu ezinik ibili nintzen, eta hor kezkatzen zen gehiago ama. Baina mundu hiperkomunikatuan bizi gara, ia ezinezkoa da galtzea. 

6.Zein herrialde gustatu zaizu gehien?
Kulturalki Iran edo Uzbekistan eta paisaien edertasunagatik Kirgizistan. Mendia maite dut eta Kirgizistanen %90 mendia da, 3.000 metrotik gorakoa gehiena. Ez dago apenas turismorik, mendiei buruzko mapak eta kartografia ez da apenas existitzen eta alde horretatik oso autonomoa izan behar duzu mendietan ibiltzeko. Nepal antzekoa da, baina basatian. Sekulako paisaiak daude. 4 hilabete horietan ikasitako nire errusiar oinarrizkoarekin eta borondatea jarriz, moldatu nintzen, jatekoak lortzeko, gasolina erosteko, zaldiak lortzeko… Eta Iran munduko herrialderik abegikorrena da; badakite atzerrian Iranekiko irudi oso iluna saltzen dela, eta horregatik bertara doazen bisitari guztiak oso ongi hartzen dituzte, dauden aurreiritziak gainditzeko. Egunero gonbidatzen zaituzte afaltzera, tea hartzera, ogia erostera… ikusgarria da. Herrialde ederra da, eta emakumeak bereziki, oso ederrak dira. Kuriositate moduan, munduan rinoplastia ebakuntza gehienak Iranen egiten dira, eta baita himena berreraikitze-ebakuntza gehienak. Oso herrialde segurua da, zibilizazioen sehasketako bat eta sekulako harribitxia. 

7.Zenbat aurreiritzi ditugun…
Hemendik Kirgizistanera bitartean ez dut berez pobrea den herrialderik zapatu. Problematika ezberdinak dituzten herrialdeak daude, Iran esaterako, baina arazo politikoak kenduta gehienak ongi bizi dira eta Erdialdeko Asiako herrialdetan ere ongi bizi da. Kontua da bizitzeko beste modu bat dutela. Kirgizistanen nomadak dira gehienak, abeltzainak direlako eta larreetara jo behar dutelako. Sobietar Batasunean sartu arte ia ez zegoen hiririk, herrialde nomada delako. Ez da herrialde pobrea; hezkuntza dute, autoak dituzte, mugikorrak… itsasotik urrutienen dagoen herria denez, ez dago apenas arrainik, baina behar guztiak estalita daude. Momentuz guk ditugun baino behar gutxiago sortu dituzte. 

8.Zein da izan duzun esperientziarik txarrena?
Drako nire txakurraren heriotza. Uzbekistanen izan zen. Goizeko hirurak ziren eta, zaunkaka, ero moduan hasi zen pareten kontra. Atea zabaldu eta korrika hasi zen, gelditu gabe; bihotzeko-masajeak eman nizkion baina zendu zen. Hurrengo egunean basamortuan lurperatu nuen. Oso gaizki pasatu nuen, 11 urtez egon baitzen nirekin eta izugarri maite nuen. Etxera itzultzeko zorian egon nintzen. Handik 4 egunera, toki berdinean, ez bainintzen mugitu, txakur bat agertu zen, Drakoren oso antzekoa, border collie itxurakoa. “Ezinezkoa da” pentsatu nuen. Jaten eman nion eta ez zen ondotik mugitu. Nirekin geratu zen eta Uzbek izena du. Egun Kirgizistanen dago, lagunarekin. Bakunazio kontuengatik ezin izan nuen ekarri, baina lagunak Gabonetan ekarriko du. 

9.Guaixeko oporretako argazki lehiaketara aurkeztu eta irabazi zenuen.
Lagun bat etorri zen bisitan, Eider, eta Guaixeko lehiaketaren berri eman zidan. Kirgizistaneko argazkiak bidali eta irabazi genuen. 

10.Nolakoa izan da itzulera?
Oraindik lur hartzen nago. Gauzak aldatu dira, eta zure tokia aurkitu behar duzu berriz. Eta gogorra egiten ari zait arrazoi askorengatik. Errutinara buelta hori: lan egin, asteburuaren zain egon… oso topikoa da, baina kanpoan zaudenean egun bakoitza sekulako intentsitatearekin bizi duzu. Egunak motzak egiten zaizkizu. Aldiz, errutinan gaudenean bizia joaten zaigu ia konturatu gabe, ia ezer berezirik egin ez bagenu bezala. Ez gara gaizki bizi, baina monotoniara egitea kosta egiten da. Altsasun zoriontsua naiz, nire lagunekin eta etxekoekin egoteko beharra izaten dut, baina kezka gehiago ditut. Mundua oso handia da. Hori guztia kudeatzen nabil. Udan Kirgizistanen mendiko gidari izateko lana eskaini didate berriro, 4 hilabeterako. Turista oso ezberdina da Kirgizistanera doana, abenturara doana. Ez dago apenas azpiegiturarik, zaldiz zoaz, ez dago maparik ez kartografiarik, kanpin dendetan lo egin behar da… Trekking ezberdina, abenturazkoa bilatzen dutenendako da aproposa, ohiko tokietatik kanpo doazenendako. Iaz oso jende jatorra egokitu zitzaidan. Mendian ibiltzeak asetzen nau, zoriontsu egiten nau eta libre sentitzen naiz. Eta ahal badut lanera joango naiz. Aztertzen ari naiz ea hemen 6 hilabete lan egin ditzakedan eta gero beste urte erdia Kirgistanera joan naitekeen. Ea guztia uztartu dezakedan. 

11.Urte sabatiko bat hartzera eta bidaiatzera animatuko zenuke jendea?
Horrela, besterik gabe, ez. Gauza hauek norberari atera behar zaizkio, barrenetik. Bakarrik joan behar baduzu oso argi izan behar duzu, ezin duzu arintasunez hartu, eta bakarrik egotea gustuko izan behar duzu. Izan ere, une onak bizi dituzu baina baita une oso gogorrak ere, arazoak sortzen dira eta hori guztia zuk bakarrik kudeatu behar duzu. Iranen 15 eguneko oporraldia egitea gomendatu dezakezu, baina halako zerbait egitea ez. Halako esperientzia bat ez da jende guztiarendako; batzuk disfrutatzen dugu eta sufritzen dugu, eta beste askori ez doakie ezer. Seme-alabak badituzu ezin duzu halakorik egin. Ildo honetan, gauza oso polita iruditzen zait, familia osoa, haurrekin, mundua ezagutzera joate hori. Frantziar familia dezente topatu nituen horrela. Arratsaldean etxeko lanak egin eta goizean toki ezberdinak ezagutzen zituzten. Haur horiek kultura, geografia eta hizkuntza ezberdinak ikasiko dituzte, beste kulturekiko errespetua landuko dute eta arrazistak ez izaten ikasiko dute.