"Filmaren errodajean zinemaz asko ikasi dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko aza. 1a, 12:53
Mafalda Carbonell Arellano aktorea Iortia Kultur Gunean.

'Vivir dos veces' filmaren protagonistetako bat da Mafalda Carbonell Arellano aktore gaztea. Gaur eta etzi, 19:30ean, filma aurkeztuko du Iortia Kultur Gunean

Arte eszenikoen munduan jaio eta hezi da Mafalda. Pablo Carbonell artista da bere aita eta Maria Arellano ekoizlea eta komunikazio arduran altsasuarra bere ama. Zinemaren munduan murgildu da orain, eta "gustatu" zaio. Vivir dos veces filmaren protagonistetako bat da, eta gaur, 19:30ean, eta igandean, 19:30ean, Iortia Kultur Gunean pelikula aurkeztuko du. Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteen gurasoekin elkartasuna adierazi du; gazteetako bat, Iñaki Abad, ezagutzen du, "Formigalen ama eskiatzera joaten zenean zaintzen ninduen".

Zertaz doa pelikula?
Biloba bat eta aitona bat agertzen dira. Aitonak bere lehenengo neska-laguna ikustera joan nahi du. Hasiera erokeri bat iruditzen zaie, baina bidaia egiten dute, eta hiru belaunaldien arteko bidai bat da. 

Nolakoa da zure pertsonaia?
Haur bat da. Bere gurasoekin harreman oso ona ez duena. Bere aitonarekin ez du harremanik ez duelako asko ezagutzen. Bukaera haur berri bat agertzen da. Gurasoak maite ditu eta aitona laguntzeko prest dago. Pelikulan gurasoak gaizki tratatzen dituen haur bat agertzen da, baina hori ez da errealitatea.  

Nola izan da, besteak beste, Oscar Martinez, Inma Cuesta, Nacho Lopez eta Aina Clotet aktoreekin lan egitea? 
Ainarekin ez nuen asko kointziditu. Baina hasieran bai pentsatu: ai, ene, non sartu naizen! Aurretik Club Houdini haurrendako seriea egiten nuen, eta joko bat zen. Hortaz, errodajera iritsi aurretik pentsatzen nuen oso serioa izan behar zela eta geldirik eta eserita egon beharko nintzela, dena oso ongi esan behar nuela eta grabatu ondoren ez ginela elkartuko... Baina ezagutu nituen eta oso dibertigarriak dira. Ez nuen espero horrela izatea. Oraindik harremana izaten jarraitzen dugu. 

Club Houdini izan zen zure lehenengo aldia kameraren aurrean, eta gustatu zitzaizun. 
Lehenengo denboraldia egin nuen eta asko gustatu zitzaidan. Nire aita artista denez, asko lagundu dit mundu hau ezagutzera. Oso txikitatik ezagutu dut eta nik uste horregatik gustatzen zaidala ere. 

Nola sortu zen seriean parte hartzeko aukera? 
Jugando con las estrellas tve1-eko saioan parte hartu nuen aitarekin eta programaren zuzendaria seriearen zuzendaria zen. Ezagutu zidan eta telesailean parte hartu nahi nuen esan zidan. Baietz esan nion. Lehenengo denboraldiaren ondoren kasualitatez egin nuela pentsatu, eta hor amaituko zela uste nuen. Baina bigarrena eta hirugarrena iritsi ziren. 

Nola izan da serie batetik film bat errodatzearen saltoa?
Oso desberdina da. Seriearen errodajea txikia da eta jendea dagoen arren, ez pelikulan bezainbeste. Esaterako, seriean ez dugu inoiz kamerino bat izan eta filmean bai. Baina set-ean egotea, kameraren aurrean egotea, hori berdina da. 

Nola da 11 urteko gazte baten bizitza eta errodajea uztartzea?
Zaila. Filma Valentzian grabatu genuen eta ni Madrilen bizi naiz. Orduan, egun libreetan irakasle batekin 14 orduz egoten nintzen azterketetarako ikasten. Klasera iritsi nintzenean azterketak aste bakar batean egin behar izan nituen. Asko ikasi nuen, eta nota onak atera nituen. 

Esperientzia honetan zer ikasi duzu?
Zinemaz asko ikasi dut. Aktore handiez ikasi dut, eta ez bakarrik interpretazioaz. Kameren inguruan, atrezzoaren inguruan... Seriean zerbait ezagutu nuen, baina pelikulan biziagoa denez, gehiago ikasi dut.  

Eta zer moduzko esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona izan da. Berdin zitzaidan zenbat ordu egon. Ez nuen etxera joan nai. Asko gustatzen zitzaidan set-ean egotea. 

Interpretazioarekin jarraituko duzu?
Udan grabatu dut. Orain ikasturtea dago. Baina Alex de la Iglesiarekin 30 monedas HBOko seriea egin dut eta Juanma Bajo Ulloarekin Baby filma. Nazioarteko aktore zerrenda du filma honek. Ez dut uzte interpretazioa ikas daitekeen zerbait denik. Gauza batzuk bai, baina beste batzuk ez. Beste karrera bat ikastea nahiago dut, eta aktore lanak egiten jarraitu. Naturaltasuna behar duzu, eta hori ez da ikasten. Barruan dagoen zerbait da. 

Nola daramazu ospea?
Zerbait normala. Etxean ikusi dut. Argazki bat egitea onartu dezaket, baina askotan nahi dute zurekin hitz egin, zurekin jolastu... Baina pertsona normal bat naiz. Etxean ere drogei eta alkoholari buruz hitz egin didate. Gertutik ezagutzen dut espektakuluaren mundua, eta naturaltasunez hitz egiten didate.