Saskibaloia

CBASK-Jatormanek garaipen polita lortu zuen Fioraren kontra

Guaixe 2019ko aza. 6a, 14:28

Autonomien Arteko 2. mailan dabilen talde altsasuarrak 64 eta 53 irabazi zion Fiora taldeari

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren gizonezkoen Autonomien Arteko 2. Mailako Ligan 5. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Jatorman taldeak Fiora hartu zuen larunbatean Zelandin, eta partida oso lehiatuan azkenean garaipena Altsasun geratu zen, 64 eta 53 gailendu baitzen CBASK-Jatorman. 

Ligako 5. jardunaldiak aldaketak ekarri ditu Autonomien Arteko 2. Mailako Ligara eta lider berria dago, San Cernin (10 puntu), San Ignacio bigarrenarekin puntutara berdinduta. CBASK-Jatorman taldeak 7. postuan jarraitzen du (7 puntu). Asteburuan Autonomien Arteko 2. Mailako Ligako 6. jardunaldia jokatuko da eta Logroñon arituko da CBASK-Jatorman, larunbatean, 18:00etan, Espartero kiroldegian, sailkapenean 12.a den Logrobasketa taldearen kontra.

Nafarroako seniorren maila autonomikoan CBASK-IFUELek CBSA mendean hartu zuen
Gizonezkoetan, Nafarroako Seniorren 1. Maila Autonomikoko 2. multzoan 5. jardunaldia jokatu zen eta CBASK-IFUEL talde altsasuarrak CBSA El Navarrico taldea hartu zuen larunbatean Zelandin. Partida oso entretenigarria izan zen eta puntuak etxean geratu ziren, CBASK-IFUEL taldeak 77 eta 61 irabazi baitzion CBSA El Navarricori. 

Ega Perfil Oncineda da lider berria (9 puntu) eta CBASK-IFUEL taldeak sailkapenean postu bat egin du gora eta 7.a da (5 puntu). Asteburu honetan 6. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeak Olatzen jokatuko du, sailkapenean 5.a eta arerio zuzena den Valle de Egues taldearen kontra, larunbatean, 16:00etan, Olatz kiroldegian.

Emakumezkoetan kadeteen 2. mailari garaipen potoloarekin ekin dio CBASKek
Emakumezkoetan, Nafarroako Kadeteen 2. mailako 5. multzoan asteburuan ez zen partidarik jokatu. CBASK taldea da lider sailkapenean (4 puntu) eta larunbatean Iruñean jokatuko du Cantolagua A taldearen kontra, 9:15ean, Iribarren Kiroldegian.