Huerta de Peraltako langileak greban zeudela enpresak Murtziako eta Almeriako lehengaiak ekarri zituen grebaren eragina ahultzeko. Hori ikusita LABeko bi kidek, Jose Javier Osesek eta Imanol Salinasek, ibilgailuei bidea ixteko furgoneta bat gurutzatu zuten. Greba langileen eta enpresaren arteko akordioarekin bukatu bazen ere, Foruzaingoak jarritako salaketak bidea egin eta epaitegian bukatu zuen. Fiskaltzak bi sindikalistendako 12 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen eta epaileak 5eko zigorra ezarri die.
LAB sindikatutik salatu dutenez, “beharrezkoa eta zilegi zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria da”. Honako analisia ere egin du sindikatuak: “lan baldintzak are eta gehiago prekarizatze arren, patronalak lan arloko legedia urratzen du etengabe, Lan Ikuskaritzak, Foruzaingoak edota Fiskaltzak ezer gutxi egiten duten bitartean; aldiz, aipatutako prekaritatea salatzen duten ekintza sindikalek bide penaletik jazartzen dituzte”. Eta justiziaren “patronalizazioa” salatu du.
LAB sindikatuak epaiaren aurkako helegitea jarriko du. Bitartean, epaia salatzeko, gaur eguerdirako auto karabana antolatu du, Iruñerriko Trinitarios industrialdetik abiatuk da, Justizia Jauregitik pasa eta CEN patronalaren egoitzan bukatzeko. Prekarietatearen kontra borrokatzen jarraituko duela berretsi du.